Realak garaipena lortu zuen Sevillan (0-1; Aldridge izan zen goleatzailea) 89-90. denboraldiko azken jardunaldian eta txuri-urdinak Europan jokatzeko sailkatu ziren.
Aurkari posibleak ondorengoak ziren: Borussia Dortmund, Sporting Club de Portugal, Chemnitzer alemaniarra, Inter Bratislava txekiarra, Luxenburgoko Avenir Beggen eta Laussane suitzarra. Gipuzkoarren aurkaria Laussane suitzarra izan zen. Lehen partida Lausannen jokatu zen, irailaren 19an, eta bigarrena urriaren 2an Atotxan.
Lehen partida ezin hobe hasi zen txuri-urdinentzat. 16. minutuan Lumbrerasek lehen gola sartu zuen burukada baten bidez eta 27. minutuan Gajatek bigarrena egin zuen. Hala ere, etxeko taldeak erantzun zuen eta Hottigerrek, 50. minutuan, 1-2koa ezarri zuen markagailuan. Ondoren, 77. minutuan, Chapuisatek neurketa berdindu zuen eta azken minutuan Hottigerrek garaipenaren gola sartu zuen etxekoentzat.
Bigarren neurketan Realak sufritu behar izan zuen kanporaketa gainditu ahal izateko. Suitzarrek aukerak izan zituzten, baina 55. minutuan Aldridgek kanporaketa erabakitzeko gola sartu zuen.
Bigarren errondako aurkari posibleak ondorengoak ziren: Belgradoko Partizan, Timisoara, Fenerbahce eta Magdeburgo. Partizanek Hibernians mendean hartu zuen aurreko kanporaketan eta Realaren arerioa izan zen.
Lehen neurketa Belgradon jokatu behar zen. Aldiz, Estrella Roja taldeak bere partida jokatu behar zuen baita ere eta ondorioz lehen partida Atotxan jokatu zen.
Urriaren 24an Realak Partizan jaso zuen etxean. Txuri-urdinek partidaren nagusitasuna izan zuten eta aurkariak bere zelaian gordeta itxaron zuen. Arerioaren defentsa sendoa zen. Hala ere, azken minutuetan Larrañagak, jaurtiketa bikain batekin, txuri-urdinen garaipena berretsi zuen.
Bigarren neurketan Partizanek kanporaketa berdintzea bilatu zuen hasieratik. Hala ere, etxekoek zehaztasun falta jasan zuten eta markagailua ez zen mugitu atsedenaldira iritsi arte. Bigarren zatiaren hasieran aurkariak lehen gola sartu zuen. Gorrizek partida berdintzeko aukera izan zuen, baina Pandurovicek saihestu zuen eta neurketa luzapenera joan zen. Luzapenean markagailua ez zen mugitu eta kanporaketa penaltietan erabaki zen.
Stuttgarten aurka gertatu zen bezala, txuri-urdinek ez zuten asmatu penaltietan eta ezin izan zuten kanporaketa gainditu. Mentxakak, Lasak eta Gorrizek penaltiak sartu zituzten. Aldiz, Aldrigek eta Bengoecheak ezin izan zuten asmatu. Partizanek ezin izan zuen hurrengo kanporaketa gainditu Inter de Milanen aurka, ondoren txapelketako txapelduna izan zena.