Realak porrota jaso du Sevilla FC taldearen aurka (3-2) Jesus Navas Estadioan denboraldiko lehen partidan. Donostiarrek neurketaren pisua eraman dute, baina ez dira fin ibili eta etxekoek garaipena eramatea lortu dute kontraerasoen bidez.
Txuri-urdinek indartsu ekin diote neurketari. Lehen zatiko aukerarik onena Franssik izan du eskuin hegaletik egindako barnekaldi baten ondoren; zoritxarrez, jaurtiketa gurutzatua oso gutxigatik kanpora joan zaio. Lavogezek ere berea izan du Lucia Pardoren baloi luze bat jaso ostean, baina errematea desbideratuta joan da. Minutuek aurrera egin ahala arrisku gehiagorekin iritsi dira sevillarrak. Letek arazorik gabe harrapatu dituen erremate pare baten ondoren, Padilla Bidasek ez du barkatu etxekoak aurretik jartzeko jaurtiketa gurutzatu indartsu batekin. Donostiarrek golaren bila jarraitu dute, eta Emma eta Lavogez, areaz kanpotik egindako erremateekin, lortzetik oso gertu egon dira atsedenaldia iritsi baino lehen.
Txuri-urdinek partidaren pisua eramaten jarraitu dute aldageletatik igaro ostean. Eta, asko saiatu ondoren, berdinketa iritsi da: Emmaren pase sakona, Franssik atzean jarri du eta Nereak, penalti puntutik, sare barrura bidali du baloia. Baina pozak gutxi iraun du eta Kanteh-k, baloia bere zelaian jaso eta beste areara iritsi ondoren,, sevillarrak aurretik jarri ditu area aurrealdetik egindako erremate batekin. Handik gutxira, eta erreakzionatzeko ia denborarik gabe, Kanteh-k etxekoen garaipena bideratu du, aldaratze bat bultzatu ondoren. Txuri-urdinak amaierara arte saiatu dira eta Lavogezek, jaurtiketa gurutzatu batekin, aldea murriztea lortu du azken txanpan. Amaiurrek eta Nereak berdinketa oso gertu izan dute luzapenean, baina ez dute asmatu. Lastima.
Porrota denboraldia hasteko. Baina hau hasi besterik ez da egin eta ikasturte osoa geratzen da aurretik. Datorren ostiralean, hitzordu berria, oraingoan Europako talderik onenaren aurka: FC Barcelona.
Fitxa teknikoa:
Sevilla FC: Sullastres (kap.), Débora G. (Alba López, min. 88), Diana G., Eva Llamas, Raquel M., Pamela G., Iris Arnaiz (Nazareth, min. 88), Ali Redondo (Paula Partido, min. 66), Gemma, Padilla-Bidas (Alba Cerrato, min. 81) eta M. Cortés (Fatou Kanteh, min. 66).
Real Sociedad: Lete, Emma, Lucía, Vanegas, V. Quiles (Cecilia, min. 46) Cahynová (Lorena, min. 65), Andreia (E. Guridi, min. 76), Lavogez, N. Eizagirre (kap.), L. Pardo (Amaiur, min. 54) eta Franssi (Mirari, min. 76).
Golak: 1-0: Padilla Bidas, min. 28; 1-1: N. Eizagirre, min. 66; 2-1: Fatou Kanteh, min. 69; 3-1: Faou Kanteh, min. 73; 3-2: Lavogez, min. 90.
Epailea: Cebollada López. Txartel horia erakutsi die etxeko Débora G. eta Pamela G.-ri eta kanpoko V. Quilesi.