ATHLETIC CLUB 2-0 REAL SOCIEDAD

Porrota derbian

Vídeo

Realak bi eta huts galdu du Athletic Cluben aurka gaur goizean San Mamesen jokatutako derbian. Aurkaria askoz eraginkorragoa izan da eta bere aukerak aprobetxatu ditu norgehiagoka eramateko.

Partida zuri-gorrien abagune batekin hasi da, Elexpururen erremate baten ostean. Juliak bikain estali egin du errematea gola saihesteko. Txuri-urdinen erantzuna bi aukera onekin iritsi da: lehenengoa Adrianak bertan behera utzi duen buruz burukoa eta handik gutxira Nerearen eskuinkada bat, etxeko atezainak berriro uxatu duena. Ordu erdia bete baino lehen, Pinedok eskuin hegaletik egindako barnekaldi baten ostean, baloia Azkonari jarri dio eta honek bizkaitarrak markagailuan aurrea hartzeko aprobetxatu du. Atsedenaldira iritsi baino lehen, Azkonak bigarrena oso gertu izan du, baina bere burukada Aparik urrundu du atepetik, defentsan bikain arituz.

Donostiarrek martxa bat gehiago sartu dute bigarren zatian. Izarnek eta Luciak, burukada banarekin, partida berdintzeko bi aukera oso argi izan dituzte, baina lehenengoa Nanclaresek gelditu du eta bigarrena gutxigatik kanpora joan da. Luciaren abagunetik minutu batera eta etxekoen bigarren zatiko lehen iritsieran, Azkonak eskuinetik egindako erdiraketa baliatu du, oraingoan Vilariñorena, eta Sara Ortegak jo du azkenean, bigarrena buruz egiteko. Txuri-urdinek ez diote aurpegia galdu partidari eta Amaiur aldea murrizteko zorian egon da Nanclaresek bitan harrapatu duen erremate batekin. Gipuzkoarrak azken unera arte saiatu dira, baina markagailua ez da mugitu.

Porrot honek bosgarren postuan kokatzen ditu gipuzkoarrak. Orain, geldialdia selekzioen ondorioz eta, bi aste barru, Sevilla FC taldearen aurka lehia berri bat Zubietan.

Fitxa teknikoa:

Athletic Club: A. Nanclares, Elexpuru, L. Baños, Maddi, Nerea Nevado (Landaluze, min. 76), Valero, M. Zubieta, S. Ortega, Pinedo (Gara, min. 92), Azkona (kap.) (Nahikari, min. 76) eta J. Amezaga (Vilariño, min. 46).

Real Sociedad: J. Arrula, Emma (Intza, min. 79), Lucía, Apari, Izarne (Cecilia, min. 54), Andreia, Cahynová, Lorena (Lezeta, min. 54), N. Eizagirre (kap.), Amaiur eta Mirari (L. Pardo, min. 79).

Golak: 1-0: Azkona, min. 27; 2-0: Azkona, min. 59.

Epailea: Calvo Valentín. Txartel horia erakutsi die etxeko Valero eta Maddiri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!