CULTURAL Y DEPORTIVA LEONESA 3-0 SANSE

Porrota Leonen

Sansek hiru eta huts galdu du Cultural y Deportiva Leonesaren zelaian gaur arratsaldean, bigarren sailkatua den taldea.

Lehen zatia nahiko parekatua izan da eta txuri-urdinak ondo kokatuta egon dira zelaian. Roberto Lopezen urrutiko jaurtiketari etxekoek beste jokaldi arriskutsu batekin erantzun diote, zutoinean jo duena. Atsedenaldira hutsean iritsiko ginela zirudienean, leondarrak markagailuan aurreratu dira. Korner jokaldi batean iritsi da gola, Ivan Gonzalezek buruz baloia barrura bidali duenean.

Aldageletatik igarotzeak ez dio onurarik ekarri Sanseri. Lehenengo minutua bete baino lehen, etxekoek bigarrena egin dute. Dionik aldaratze bat aprobetxatu du area barruan markagailua handiagotzeko. Thiorrek aukera onena izan du txuri-urdinentzat bigarren zati honetan baloia langara bidali duenean. Amaitzeko hamar minutu geratzen zirenean, Culturalak hirugarren eta azken gola sartu du Menudoren bitartez penaltiz.

Gure bigarren taldeak hirugarren porrota jarraian jasan du gaurkoarekin etxetik kanpo, baina laugarren postuan mantentzen da, play-offetan. Hurrengo astean, Zubietan, Salamanca UDS jasoko dute.

Fitxa teknikoa:

Cultural y Deportiva Leonesa: Leandro, H. Rodas, Ivan Gonzalez, Alfonso (Montes Arce, min. 83), Menudo, S. Marcos, Kawaya (Castañeda, min. 87), Fernandez, Dioni, Aitor, Dani Pichin (Gudiño, min. 80).

Sanse: M. Ramirez, Blasco, Aranbarri, Pacheco, Jimenez, Gorostidi, Zubimendi, Thior (Aldasoro, min. 61), R. Lopez (El Haddadi, min. 86), Djouahra (Garrido, min. 61), Lobete.

Golak: 1-0: Ivan Gonzalez, min. 41; 2-0: Dioni, min. 46; 3-0: Menudo (p.), min. 83

Epailea: Fernandez Perez. Txartel horia erakutsi die etxeko Aitor, Alfonso, Fernandez eta H. Rodasi eta kanpoko Blasco, R. Lopez, Jimenez eta Aranbarriri.

Xabi Alonso: “Emaitza justua”

Xabi Alonso hedabideen aurrean agertu da neurketa amaitu eta gero: “Emaitza justua da. Culturala talde ona da eta etxean indartsu egiten dira. Lehenengo zatia nahiko parekatua izan da, baina bi gol ia jarraian jasan ditugu atsedenaldira irisi baino lehen eta ondoren, eta hori erabakigarria izan da. Gero kosta egin zaigu aukerak sortzea. Neurketa ia amaituta zegoenean, hirugarrena egin digute”.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!