ATLETICO DE MADRID 2-1 REAL SOCIEDAD

Porrota liderraren aurka

Zaila zen eta ez da posible izan. Realak galdu egin du Metropolitanon, etxekoek eraginkortasun handiagoa erakutsi duten neurketa batean. Lehen zatian sartutako bi golek txuri-urdinak zigortu dituzte, eta, azken txanpan estutu eta aldea murriztu arren, borrokan jarraitu beharko dute bosgarren postua mantentzeko, osteguneko partiden zain.

Ez zen urterik errazena izango madrildarren etxean puntuak lortzeko, argi zegoen. LaLigako titulua jokoan zegoela, etxekoak hobeto sartu dira partidara eta, Suarezen abisu pare baten ondoren, markagailuan aurreratu dira Carrascoren area barruan egindako erremate batekin, markarik gabe egotea aprobetxatuz. Ordu erdia baino lehen, beste erremate batean, Correak Remiro gainditu du bi eta hutsekoa jartzeko. Gol horren aurretik Realak berdintzeko aukera pare bat izan ditu. Barrenetxearen erremate bat Oblakek gelditu duena, eta Isaken bolea bat atezain izugarri honek arrapatu duena. Zortea ez da, ezta ere, donostiarren alde egon, Isaken jokaldi bikain baten ondoren zutoinarekin topo egin baitu bere ezkerkadak. Markagailua maldan gora bigarren zatiari begira.

Realak estutu nahi izan du bigarren zatian, baina zuri-gorriek ez diote gehiegi utzi, nahiz eta markagailua kontra izan, argitasun apur bat falta zitzaion zelaiaren zati erabakigarrian. Porturen bolea bat, korner baten irteeran, aukera ona izan da. Ia beti bezala, Oblak bere lekuan zegoen hura saihesteko. Azken txanpan, Portuk aldea murriztu ahal izan du, baina bere erremateak zutoinean jo du, eta, ondoren, Bautistak eta Merquelanzek ez dute asmatu. Zubeldia izan da gola egiten asmatu duena, eta korner baten irteeran baloia barrura bidali du. Azken minutuetan txuri-urdinek asko estutu dute, baina ez da berdinketa iritsi.

Reala punturik lortu gabe joan da menderaezina den zelai batetik eta LaLiga jokoan duen aurkari batekin. Gerta zitekeen. Orain, amaierarako bi jardunaldi eta Europa poltsikoan, bosgarren postua lortzeko azken ahalegina egitea falta da. Aupa Real!

 

Fitxa teknikoa:

Atletico de Madrid: Oblak, Trippier, Savic, Felipe, Hermoso, Koke (kap), Saul (Kondogbia, min.73), Llorente, Correa (Joao Felix, min.73), Carrasco eta Suarez (Lodi, min.81).

Real Sociedad: Remiro, Zaldua, Aritz (Zubeldia, min.68), Sagnan (Pacheco, min.59), Monreal (Lopez, min.59), Zubimendi, Guridi, Oyarzabal (cap)(Merquelanz, min.68), Barrenetxea, Portu eta Isak (Bautista, min.46).

Golak: 1-0: Carrasco, min.16. 2-0: Correa, min.28. 2-1: Zubeldia, min.83.

Epailea: Cuadra Fernandez. Txartelik gabe.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!