Amaitu da bolada ona derbian. Realak galdu egin du gaur arratsaldean San Mamesen, neurketa bizi batean. Partida txuri-urdinen alde hasi da David Zurutuzaren golarekin, baina Athletic Clubak emaitzari buelta eman dio bigarren zatian Iker Muniain, Aritz Aduriz eta Iñaki Williamsen golekin. Iñigo Martinezen burukada batek itxaropena eman du baina, azkenik, ezin izan dute puntua lortu gipuzkoarrek. Lehen gola iritsi arte, Reala nagusi izan da zelaian. Ez du arrisku handirik sortu baina ez du sufritu eta etxekoen presioa ondo kontrolatu du. Etenaldi asko izan dira eta bi taldeak oraindik aztertzen ari zirenean, korner batean, Xabi Prietok baloia jo du Zurutuzak sarean bikain sartzeko. Golaren aurrean, etxekoek martxa bat gehiago sartu dute, jabetza handiagoa izan dute eta aukerak sortu dituzte. Rullik, hiru aukeretan atsedenaldia iritsi aurretik, bikain gelditu du. Baina, aldageletatik atera ondoren, atezain argentinarrak ezin izan du ezer egin Muniainen jaurtiketa onaren aurrean. Realak erreakzionatu nahi izan du baina, bat-batean, Adurizen golarekin topatu da. Beste kolpe gogorra. Oyarzabalen aukera bat eta Velaren baloi arriskutsua gipuzkoarrak partidan berriro sartzeko bultzada izan dira, baina Williamsek, behin ere, neurketa aldapa gora jarri du hirugarren golarekin. Realak ez ditu besoak jaitsi eta Iñigok gola sartu du. Izan ere, Reala berdinketatik gertu izan da. Baina denbora amaitu egin da. Fitxa teknikoa:Athletic Club: Iraizoz (cap.), De Marcos (Saborit,, min.65), Yerai, Laporte, Lekue, Iturraspe, San José, Muniain (Susaeta, min.66), Raul García, Williams (Mikel Rico, min.81) eta Aduriz. Real Sociedad: Rulli, C. Martínez, Raúl Navas, I. Martínez, Yuri B., Illarra, Zurutuza, X. Prieto (cap)(Canales, min.65), Carlos V.(Juanmi, min.81), Oyarzabal (D. Concha, min.88) eta Willian J. Golak: 0-1: Zurutuza, min.16. 1-1: Muniain, min.50. 2-1: Aduriz, min.60. 3-1: Williams, min.72. 2-2: I. Martínez, min.83. Epailea: González González. Txartel horiak Aduriz, Raúl Garcia eta San José etxeko jokalarei, eta I. Martínez, Illarra eta Rulli kanpoko jokalariei.
Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!
Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.
Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!