ATLÉTICO DE MADRID 5-5 REAL SOCIEDAD

Puntu handia

Realak puntu oso handia lortu du denboraldiko irteerarik zailenetako batean bosna berdindu ondoren. Partida ero honetan denetarik gertatu da eta hamar gol ikusi ditugu (eta askoz gehiago izan zitezkeen). Emaitza positibo honi esker, txuri-urdinek hirugarren postuan jarraitzen dute.

Norgehiagoka modu onenean hasi da. Donostiarrek markagailuan aurrea hartzea lortu dute, Aiararen erdiraketa bati esker; Lauren Leal baloia urruntzen saiatu da eta Intzak area barruko aldaratzea aprobetxatu eta lehenengoa sartu du ezkerkada eder batekin. Pozak gutxi iraun du eta, kontraeraso batean, Jensenek beste ezkerkada gurutzatu indartsu batekin berdindu du lehia. Hori gutxi balitz, madrildarrek buelta eman diote markagailuari minutu gutxitan, Luanyk baloia berreskuratu eta jokaldia definitu ondoren atea hutsik zegoelarik. Gipuzkoarrak ez dira lur jota geratu eta berehala erantzun dute, lehia berriro berdinduz: Emmaren erdiraketa bikaina eta Ednaren errematea baloia sare barrura bidaltzeko. Eta, ordu erdia bete eta gutxira, txuri-urdinak markagailuan berriro aurretik jarri dira, Ednak Andreiak ateratako kornerra buruz errematatu ondoren. A ze erokeria. Zoramen bedeinkatua.

Gol festak aldageletatik igaro ostean jarraitu du, baina oraingoan aurkariaren alde. Bartelek berdinketa egin du, Bøe Risak ateratako korner bat errematatuta. Handik gutxira, Amaiurrek laugarren gola sartu du eskuinkada indartsu batekin. Ia erreakzionatzeko denborarik gabe, Jensenek aurreko golegilearen pasea baliatu du ezkerrez definitzeko eta donostiarren zaurian sakontzeko. Baina gipuzkoarrek ez dute amore eman eta Emmak area barruko aldaratze bat aprobetxatu du bere taldea berriro ere norgehiagokan sartzeko. Txuri-urdinen saiakerak jarraitu egin du, eta, amaierarako hamar minutura, Arola Apariciok erdiraketa bikaina jarri du area barruan, eta Ednak, bere azken partidan Realarekin, sare barrura bidali du baloia hat-tricka sinatzeko. Txuri-urdinek garaipena lortu ahal izan dute azken txanpan, hiru abagune oso argirekin: lehenengoa Lola Gallardok urrundu duen Ednaren ezkerkada batekin, bigarrena zutoinean jo duen Arolaren eskuinkada batekin eta azkena langa gainetik joan den Nerearen erremate batekin. Azkenean, berdinketa historiarako neurketa batean.

Merezimenduzko berdinketa lehen zatian bi aldiz aurreratu den Realarentzat, baina gero 5-3ko emaitzarekin jarri dena, gaindiezina zirudiena. Puntua baloratu behar da, batez ere aurkaria kontuan hartuta. Datorren astean, bigarren itzuliko lehen partidaren bila, Sevilla FC taldearen aurka. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Atlético de Madrid: L. Gallardo (kap.), Alexia, Lloris, Lauren Leal (Xènia, min. 76), Medina, Bøe Risa (M. Portales, min. 76), J. Bartel, Luany (P. Chinchilla, min. 92), Fiamma, Jensen eta Amaiur (Celia, min. 86).

Real Sociedad: J. Arrula, Emma {Arola A., min. 70 (L. Pardo, min. 96)}, Lucía, Apari, Moraza (kap.) (Florentino, min. 89), Aiara, Cahynová, P. Fernández, Andreia, Intza (N. Eizagirre, min. 70) eta Edna.

Golak: 0-1: Intza, min. 6; 1-1: Jensen, min. 12; 2-1: Luany, min. 24; 2-2: Edna, min. 29; 2-3: Edna, min. 32; 3-3: J. Bartel, min. 48; 4-3: Amaiur, min. 57; 5-3: Jensen, min. 64; 5-4: Emma, min. 65; 5-5: Edna, min. 79.

Epailea: Elena Peláez. Txartel horia erakutsi die etxeko Medinari eta kanpoko Luciari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!