CD CALAHORRA 1-1 SANSE

Puntu ona

Vídeo

Sansek puntu bat lortu du La Planillari egindako bisitan, Calahorraren aurka bana berdinduta bi taldeek abagune ugari izan dituzten norgehiagoka ireki batean.

Partida gure filialaren nagusitasunarekin hasi da, bi aukera oso argi sortuz markagailuan aurrea hartzeko: lehenengoa Kortajarenak area barrutik egindako erremate batekin eta, minutu batzuk geroago, Martonen jaurtiketa batekin. Bietan, Antonio Valerak gola eragotzi du. Errioxarren lehen aukera Gabarrek izan du, baina Marrerok ondo erantzun du. Bi taldeek arriskuko jokaldiak sortzen jarraitu dute, Baselgaren erremate batekin etxekoen alde, eta Kortajarenaren burukadarekin txuri-urdinen alde, bi atezainak proban jarriz eta gola oso gertu izanik. Eta lehen zatiko azken jokaldian, errioxarrek aurrea hartzea lortu dute Baselgak sartutako penaltiari esker.

Aldageletatik igaro aurretik jasotako kolpea gorabehera, gipuzkoarrak hasieratik aritu dira neurketaren pisua eramaten eta berdinketa bilatzen. Hainbat abisu bidali ondoren, Martonek ez du barkatu buruz burukoan, Gonzalez de Zarateren pase zehatza aprobetxatuz, baloi luze eta bikain neurtuarekin. Markagailuan justizia egiten zuen gola. Etxekoek asko estutu dute gure filialaren golaren ostean eta Alex Ariasek aukera onena izan du ezkerkada batekin. Txuri-urdina ere saiatu dira, eta Magunazelaiak, buruz, oso gertu izan du bigarrena, baina zutoinak bere gola eragotzi du. Azken minutuetako tentsioak partida apur bat gehiago astindu du, baina berdinketa markagailutik mugitu gabe.

Gure filialaren lehen irteera, puntu batekin amaitzen dena. Beti da garrantzitsua batzea, eta are gehiago horrelako feudo konplexu batean. Datorren asteburuan, Real Murciaren aurka etxean puntu honi jarraipena ematera. Aupa Sanse!

 

Fitxa teknikoa:

CD Calahorra: Antonio Valera, Ángel López, Iñigo Zubiri (kap.), Joan Rojas, Iñaki Recio (Álex Arias, min. 63), Sergio Chinchilla, Sergio Gil (Imanol Barace, min. 63), Ander Vidorreta (Mario Robles, min. 46), Pablo Santana, Toni Gabarre eta Marcos Baselga (Luis Forcén, min. 80).

Sanse: Marrero, Gabilondo, Arambarri (kap.), Ezkurdia, Gómez (Zoilo, min. 64), G. de Zárate (Cantero, min. 72), Olasagasti, Kortajarena (Marín, min. 64), Martín (Lespinasse, mn. 80), Magunazelaia eta Martón (Agirre, min. 64).

Golak: 1-0: Baselga (p.), min. 45+3; 1-1: Martón, min. 59

Epailea: Pardeiro Puente. Txartel horia erakutsi die etxeko Vidorreta, Iñaki Recio eta Mario Roblesi eta kanpoko Martin, Gomez, Arambarri eta Magunazelaiari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!