Gure emakumezkoen filialak hutsean berdindu du Rayo Vallecanoren aurka gaur arratsaldean Zubietan. Txuri-urdinek puntu bat lortu dute denboraldia laugarren postuan bukatzeko, etxean partida bakar bat ere galdu gabe.
Lehen zatia parekatua izan da. Donostiarrek jokoaren pisua eraman dute, presio altua eginez eta baloi-jabetza luzeak mantenduz baina arrisku handirik sortu gabe. Bi abagune bakarrak Puyren erremate altu batekin eta Isasisasmendik kanpora bidali duen burukada batekin iritsi dira ezker hegaletik egindako bi erdiraketen ondoren. Madrildarrak sendo egon dira atzealdean eta kontraerasorako aukerak bilatu dituzte, eta, gerturatze txiki bat egin duten arren, ez dira fin ibili, atsedenaldira hutsean iritsiz.
Bigarren zatian, norgehiagokak erritmo eta intentsitate gehiago izan du. Kanpoko taldaren lehen iritsiera arriskutsuan, Laura Viñas sekulako gola sartzeko zorian egon da, Etxeberria atzean utzi ostean eskuinkada langara bidali baitu. Laura Viñas berak gertu izan du gola berriro ere handik gutxira, kanpora bidali duen baselina batean. Gipuzkoarren erantzuna Aranbururen burukada batekin etorri da, Etxeberriaren urruneko erdiraketa baten ondoren. Azken txanpan, Aranburuk berak txuri-urdinen abagunerik argiena izan du, Isasisasmendiren De Murga atzean utzi ondoren egindako pasea gora bota baitu penalti puntutik. Azken minutuetan, nekeak eraginda, bi taldeek ez dute aukerarik izan eta golik gabeko berdinketa lortu dute.
Puntu bat gure filialarentzat ligako azken partidan. Donostiarrek denboraldi oso ona egin dute laugarren postuan amaituz, kurtso osoan partida bakar bat ere galdu gabe eta bigarren itzuli osoan porrota ezagutu gabe. Datorren urtean, gehiago eta hobeto. Lan bikaina! Aupa Real!
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad B: Mendiburu, Etxebeste (Etxarte, min. 63), Etxeberria (Olaetxea, min. 85), Solozabal (kap.), Losada (Uranga, min. 46), Azpirotz, Zunzunegi (Ibarguren, min. 89), Arruebarrena (Aranburu, min. 63), Isasisasmendi, Egiguren eta Puy.
Rayo Vallecano: De Murga, Tamara, Coronel, Nadia (Astudillo, min. 72), Iris (kap.), Moni Braojos, Miriam (Huete, min. 89), Denise, Rincón (Yarima Font, min. 72), Laura Viñas (Nerea F., min. 63) eta Bella.
Epailea: Mancebo Couso. Txartel horia erakutsi die etxeko Isasisasmendiri eta kanpoko Tamara eta Irisi.