REAL SOCIEDAD 2-2 VALENCIA CF FEMENINO

Sari gutxi

Vídeo

Realak bina berdindu du gaur eguerdian Zubietan Valencia CF taldearen aurka alternatiba handiko neurketa batean. Baina sari gutxi gipuzkoarrentzat, garaipena nahi zuten eta.

Txuri-urdinak nagusi izan dira lehen zatian, bereziki azken minutuetan. Barbara, area barrutik egindako erremate batekin, lehenengoa egiteko zorian izan da. Handik gutxira, Andujarrek gauza bera egin ahal izan du kanpokoentzat langan jo duen jaurtiketa baten ostean. Eta hurrengo jokaldian gola iritsi da. Barbararen asistentzia Franssirentzat eta, honek, jaurtiketa gurutzatu batekin, lehenengoa egin du. Valentziakoek ordu laurden geroago erantzun dute Bea Beltranen bidetik, area ertzetik norgehiagoka berdintzeko. Gipuzkoarrek hiru aukera argi izan dituzte azken txanpan, Franssiren bi akziorekin (errematea kanpora eta beste bat atezainak harrapatu du marra gainean) eta Itxasoren jaurtiketa batekin, Salonek gelditu eta baloiak langan jo ostean.

Bigarren zatia bizkorra izan da. Kanpokoak hobeto atera dira aldageletatik igaro ondoren eta Bonsegundok, jaurtiketa gurutzatu batekin, oso gutxigatik ez du bigarrena egin. Eta handik gutxira iritsi da valentziarren gola, Bea Beltranek berriz ere, penaltiz lortu duena. Txuri-urdinek behin eta berriz bilatu dute berdinketa eta amaierarako hamar minutu pasatxora aurkitu dute euren saria. Nahikarik, hamaika metroetatik, justizia egin du berdinketa lortuz. Asko estutu dute azken txanpan, hustu egin dira, baina berdinketarekin konformatu behar izan dute.

Puntu bat sailkapenak erakusten duena baino aurkari arriskutsuago baten aurrean, baina sari eskasa, gipuzkoarren helburuak kontuan hartuta. Txuri-urdinak bosgarren postuan daude eta asteartean itxiko dute urtea Atletico de Madriden aurka. Aurrera Reala!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: A. Nanclares, Lucia (Cecilia, min. 72), N. Mendoza, Tejada, Nuria R., Itxaso (Maitane, min. 72), Gemma (L. Baños, min. 46), Barbara (Palacios, min. 80), Franssi, N. Eizagirre (Amaiur, min. 72) eta Nahikari.

Valencia CF Femenino: Salon, Pujadas, Cubedo, Carro (S. Hernandez, min. 69), Andújar (Salmi, min. 79), A. Martinez (Serrano, min. 73), Bonsegundo, K. Real, Jansen, B. Beltran eta Torroda.

Golak: 1-0: Franssi, min. 6; 1-1: B. Beltran, min. 21; 1-2: B. Beltran (p.), min. 60; 2-2: Nahikari (p.), min. 78

Epailea: Sanchez Miguel. Txartel horia erakutsi die etxeko N. Eizagirre eta Tejadari eta kanpoko Pujadas, Carro eta K. Reali.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!