Sansek bana berdindu du Unionistas de Salamancaren aurka Reina Sofía zelaira egindako bisitan. Txuri-urdinak aurretik jarri dira markagailuan Orobengoak egindako gol bati esker, baina hiru punturik gabe geratu dira partidaren azken jokaldian.
Etxekoek hobeto hasi dute partida eta lehen gola sartzeko pare bat aukera izan dituzte, baina kanpora joan dira gutxigatik. Donostiarrak erosoago sentitu dira minutuek aurrera egin ahala eta aurkariaren ate ingurura hurbilduz joan dira pixkanaka. Eskuin hegaletik egindako jokaldi on baten ondoren kanpokoak aurretik jartzeko aukera izan du Ruperezek, baina bere errematea Ramirok estali du kornerrera bidaltzeko. Lehen zatiaren azken minutuetan berdintasuna mantendu da eta ez da golik egon.
Atsedenalditik bueltan, Sergio Franciscoren taldea oso aktibo atera da golaren bila. Orobengoak abagune handia izan du, baina bere burukada gutxigatik joan da kanpora. Handik gutxira, Mariezkurrena saiatu da, baina bere jaurtiketa ere kanpora joan da. Presio oso on baten ondoren, Gotik baloia berreskuratu du, Orobengoari eman dio eta oiartzuarrak 0-1ekoa jarri du. Hortik aurrera, gipuzkoarrek partidaren kontrola mantendu du. Azken minutuetan, Salamancako taldeak aurrerapausoa eman du eta banakoaren bila joan da. Garaipena egina zegoela zirudienean, azkeneko jokaldian, Bazek berdinketaren gola egin du buruz, Pau Martínezek erdiratutako korner bat errematatu ostean. Pena bat, Sanse oso ondo aritu baita defentsan bigarren zati osoan zehar.
Sari gutxi txuri-urdinentzat, futbolaren alderik krudelena bizi izan baitute berriro. Hala ere, bigarren jarraituko dute beste jardunaldi batez. Datorren astean garaipenaren bidea berreskuratzeko aukera izango dute Ourenseren aurka Zubietan.
Fitxa teknikoa:
Unionistas de Salamanca CF: I. Martínez, Serrano, Baz, Ramiro (kap) (Rabadán, min. 81), Pascual, González (Tavares, min. 58), Tur, Gómez (Santamaría, min. 58), Rastrojo (Moreno, min. 71), Arriba eta De La Nava (P. Martínez, min. 58).
Sanse: Fraga, Rupérez, Beitia, P. Rodríguez (kap), Agote (Merino, min. 75), Carbonell, E. García, M. Rodríguez (Ochieng, min. 57), Goti (Eceizabarrena, min. 89), Mariezkurrena (Marchal, min. 75) eta Orobengoa.
Golak: 0-1: Orobengoa, min. 58. 1-1: Baz, min. 90+6.
Epailea: Pardeiro Puente. Txartel horia erakutsi die etxeko Baz, Ramiro, Tur eta Serranori eta kanpoko M. Rodríguez eta Gotiri.