MADRID CFF 2-2 REAL SOCIEDAD

Sari gutxi

Realak bina berdindu du Madrid CFF taldearen aurka gaur arratsaldean Fernando Torres Estadioan denboraldiko lehen partidan. Donostiarrek oso gertu izan dute garaipena, baina ez dute hirugarren golarekin erabakita utzi eta ordaindu egin dute.

Madrildarrek hobeto ekin diote neurketari. Lehen abisua Alba Ruizen bitartez etorri da, langan jo duen erdiraketa arriskutsu batekin. Handik gutxira, etxekoen aukerarik onena iritsi da, area barruan baloia jaberik gabe geratu denean; Nautnes hori aprobetxatzen saiatu da, baina Arrulak bikain erantzun dio geldiketa ikusgarri batekin. Lehen zatiaren erdialdean eta txuri-urdinen lehen iritsiera arriskutsuan gola heldu da: Nereak baloia eraman du, Allegra urruntzen saiatu da eta aldaratzea Aiarari erori zaio, area barrutik egindako ezkerkada gurutzatu handi batekin lehenengoa egiteko. Jipoia. Txuri-urdinak askoz hobeto aritu dira markagailuan aurretik jarri ostean, eta kapitaina, areaz kanpotik egindako jaurtiketa indartsu batekin, bigarrena sartzeko zorian egon da, baina langak eragotzi egin du. Eta, lehen zatiko azken ekintzetako batean, Aiara agertu da beste behin ere, oraingoan area aurrealdean, aldaratze bat aprobetxatzeko eta, baloia erortzen utzi gabe, sare barrura bidaltzeko. Izugarria.

Gipuzkoarrek inertzia on horri eutsi diote aldageletatik igaro ostean, eta Emma, Nereak buruz egindako alboko sake baten ondoren, partida erabakita uztetik oso gertu egon da, baina Estherrek atepetik atera du baloia. Madrildarrak alboko erdiraketaren batekin saiatu dira, eta horietako batean arrisku handia sortu dute, Nautnesen bidez, baina hor egon da Arrula gola berriro saihesteko. A zer nolako geldiketa. Txuri-urdinek bi aukera oso on izan dituzte norgehiagoka berriro amaitzeko: lehenik Arolak langa gainetik errematatu duen Aiararen erdiraketa batekin eta handik gutxira Guridiren erremate batekin, Belenek harrapatu duena. Eta 0-3tik 1-2ra pasa gara. Allegrak, ezker hegaletik sartu ondoren, ez du barkatu buruz burukoan. Eta erreakzionatzeko ia denborarik gabe, Marcettok berdinketa lortu du buruz, eskuinetik egindako erdiraketa baten ostean. Kolpe gogorra. Donostiarrek ez dute amore eman eta hirugarrena gertu izan dute berriro, Arola eta Andreiaren erremateekin, baina golik sartu gabe. Lastima.

Sari gutxi Realarentzat, baina puntu bakoitza baloratu egin behar da, are gehiago etxetik kanpo lortzen bada. Datorren asteburuan, lehen garaipena lortzeko beste aukera bat: Las Gaunas bisitatu beharko dugu DUX Logroñoren aurka jokatzeko.

Fitxa teknikoa:

Madrid CFF: Belén, Alba Ruiz (kap.) (Melgård, min. 62), Freja Siri (Antonsdóttir, min. 71), Villafañe, N. Mendoza, Allegra, Esther (Mónica, min. 91), Martín Sosa, Andonova (Marcetto, min. 62), Anita Marcos (Nerea, min. 71) eta Nautnes.

Real Sociedad: J. Arrula, Emma (Emma, min. 77), Lucía, Apari, Moraza, Aiara (M. Molina, min. 77), P. Fernández, Andreia, Cahynová, N. Eizagirre (kap.) (E. Guridi, min. 63) eta L. Pardo (Arola A., min. 63).

Golak: 0-1: Aiara, min. 22; 0-2: Aiara, min. 45+2; 1-2: Allegra, min. 74; 2-2: Marcetto, min. 81.

Epailea: Paola Cebollada. Txartel horia erakutsi die etxeko Villafañe, Esther, Freja Siri eta N. Mendozari eta kanpoko Morazari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!