Realak lehen aldiz galdu du etxean denboraldi honetan Zubietan Sevilla FC taldearen aurka bat eta biko emaitzarekin. Txuri-urdinek amaieraraino borrokatu dute, nahiz eta jokalari bat gutxiagorekin egon bigarren zatian, baina bukaera krudela eta merezi gabekoa izan da.
Errespetu handia lehen zati honetan, non gauza guztien gainetik huts ez egitea nagusitu den. Oso aukera gutxi izan dituzte, baina donostiarrenak izan dira bi abagune argienak. Neurketako onena Nereak aurkariaren zelaian baloia berreskuratu ostean etorri da. Mirarik jokaldia area aurrealdetik egindako erremate batekin bukatu du, baina Sullastresek kornerrera urrundu du baloia. Korner horretan beste aukera on bat iritsi da etxekoentzat, kapitain txuri-urdinaren burukada baten ondoren, oso gutxigatik kanpora joan dena. Sevillarrek oso gutxi erakutsi dute erasoan, Paynen barneratze bakarrarekin, ia arriskurik gabe.
Partida erabat aldatu da berriro hasi eta minutu gutxira. Jacquelinek bigarren txartel horia ikusi du jokaldi batean, nahiz eta epaileak ez duen faltarik adierazi. Barneratzeko denborarik gabe eta minutu bat geroago iritsi da kanpokoen gola Paynek eskuinetik egindako erdiraketa baten ostean; Inma Gabarrok, bigarren zutoinean, baloia sare barrura bidali du. Kolpe bikoitza aitaren batean. Sevillarrek aldea handitzeko aukera izan du handik gutxira, Martin-Prietok area barruan egindako erremateari esker. Letek, ordea, arriskua urruntzea lortu du geldiketa bikain batekin. Txuri-urdinek, dena contra zutelarik, ez diote inoiz aurpegia galdu partidari. Franssik, azken txanpan, beste aukera eder bat izan du buruz burukoan, baina ez du ondo amaitu. Azkenean, asko saiatu ondoren, saria iritsi da: Apariren urrutiko errematea, Sullastresen geldiketa eta aldaratzea Jensenek baliatu du partida berdintzeko, erremate gurutzatu batekin. Merezita. Baina luzapenean beste kolpe oso gogor bat: Maria Perezen ezkerkada gurutzatua area barrutik, kanpokoei garaipena emateko. Baina, hala eta guztiz ere, Jensenek beste aukera argi bat izan du langan jo duen burukada batekin...
Porrot gogorra, zaila barneratzekoa, gertatutakoagatik eta amaieragatik. Hurrengo asteburuko partidan jarri behar da arreta, berriz ere Zubietan, Valencia CF taldearen aurka. We are Real.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad: Lete, Izarne (Emma, min. 71), Etxezarreta, Tejada, Bernabe, I. Arnaiz (Apari, min. 71), Andreia, Jacqueline, Franssi, N. Eizagirre (kap.) eta Mirari [Amaiur, min. 60 (Jensen, min. 71)].
Sevilla FC: Sullastres, Lucía (Debora G., min. 61), Eva Llamas, Teresa (Gemma, min. 61), R. Otermin (Arola A., min. 89), Cahynova, Maria Perez, A. Sampedro (kap.) (Diana G., min. 77), Payne, Martin-Prieto eta I. Gabarro.
Golak: 0-1: I. Gabarro, min. 55; 1-1: Jensen, min. 88; 1-2: Maria Perez, min. 93
Epailea: Suárez González. Txartel horia erakutsi die kanpoko Lucia eta R. Otermini. Etxeko Jacquelini txartel hori bikoitza erakutsi dio (min. 54).