REAL SOCIEDAD 2-2 SPORTING DE HUELVA

Zapore gazi-gozoa

Vídeo

Realak bi eta bi berdindu du Sporting de Huelvaren aurka jokatutako partidan. Neurketak kontrolpean zegoela bazirudien arren, garaipenak ihes egin du azkenengo minutuan.

Talde txuri-urdina nagusi izan da lehenengo zati osoan zehar, eta aukera garbienak izan ditu lehenengo minutuetan. Lehenengo gol aukera zortzigarren minutuan iritsi da, baina Amaiurren erdiraketa arriskutsua kanpokoen defentsak urrundu du. Reala nagusi izan den arren, Sporting de Huelva izan da hogeita bosgarren minutuan markagailua estreinatu duen taldea. Anita Marcosek Mayra Rodriguzek lapurtutako baloi bat aprobetxatu du Adrianaren atean gola egiteko. Hortik gutxira iritsi da berdinketaren gola. Amaiurren pase izugarria Franssiren oinetara iritsi da eta aurrelariak bere denboraldiko bosgarren gola egitea lortu du. Franssik, berriro ere, bigarrena sartzeko aukera garbia izan du, baina Chelseak jaurtiketa desbideratzea lortu du. Nagusi izan da Natalia Arroyok gidatutako taldea lehenengo zatiko azken ordu laurdenean. Nerea ere bigarren gola sartzetik oso gertu egon da, baina bere errematea gutxigatik kanporatu da. Beraz, berdinketarekin amaitu da lehenengo zatia.

Atsedenalditik bueltan iritsi da gure bigarren gola. Nerea Eizagirre Chelsearen aurrean geratu da eta, ohikoa den bezala, ez du hutsik egin gure kapitainak. Bigarren zatian ere txuri-urdinek kontrolatu dute jokoa. Aukera garbienak azkenengo ordu laurdenean iritsi dira, eta gipuzkoarrek partida erabakita uzteko aukera ezberdinak izan dituzte. Hala ere, azkenengo minutura iritsi eta partida erabakita zegoela bazirudien ere, Fishek kanpokoen bigarren gola sartu du markagailua berdintzeko.

Horrela, txuri-urdinek denboraldiko lehenengo berdinketa lortu eta sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen dute. Datorren asteburuan Unbe bisitatuko dugu Eibarren aurkako partida jokatzeko. Aurrera Reala!

 

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Adriana, Iraia (Emma, min. 57), Etxezarreta, Vanegas, Nuria R., I. Arnaiz, Gemma, Gaby, N. Eizagirre (Mirari, min. 57), Amaiur eta Franssi (Allegra, min. 73).

Sporting de Huelva: Chelsea, V. Santana, Cinta R., Kanteh (C. Gey, min. 79), Mayra R. (Chini, min. 66), Fish, Anita Marcos, Keane (Judith, min. 79), Patri Ojeda, S. Castellanó eta Abilda.

Golak: 0-1: Anita Marcos, min.25; 1-1: Franssi, min. 28; 2-1: Nerea Eizagirre, min. 48; 2-2: Fish, min.90

Epailea: Acevedo Dudley. Txartel horia atera dio Sporting de Huelvako V. Santanari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!