Realak gol bakar batengatik galdu du (0-1) Real Madriden aurka jokatutako norgehiagokan, bi taldeentzako aukerak izan dituen neurketan. Txuri-urdinek partida serioa jokatu dute, batez ere lehen ordu laurdenetik aurrera, baina lehen zatiko azken txanpan gertatutako ezbehar batek lehia erabakita utzi du gipuzkoarren intentsitateak, abaguneak eta esfortzu etengabeak baliogabetuz.
Etxekoek gogo handiagoekin ekin diote neurketari, eta presio oso altua ezarri dute; ondorioz, txuri-urdinek atzera egin behar izan dute lehen minutuetan. Kemen horren ondorioz iritsi dira lehen abaguneak etxekoentzat: laugarren minutuan, Linda Caicedok zortea probatu du jaurtiketa desbideratu batekin, eta minutu bat geroago, Atheneak buruz buruko argia izan du, baina Arrulak irteera bikaina egin du 0-0koa eusteko. Minutuek aurrera egin ahala, Reala arriskua sortzen hasi da. Abisurik serioena ordu laurdenera iritsi da, Luciak eskuin hegaletik lasterketa bikaina egin ondoren; bere erdiraketa Mirarik errematatu du, eta baloia langa gainetik atera da Lakrar-en jo eta gero. Gipuzkoarrak gehiagora joan dira minutuek aurrera egin ahala, hobeto konbinatuz eta metroak irabaziz. Baina kolpea 43. minutuan iritsi da, aurkako korner batean: Morazak, baloia urruntzeko ahaleginean, bere ate barrura bidali du baloia, eta madrildarrak aurreratu ditu, zoritxarreko ekintza batean.
Aldageletatik erritmo altuarekin atera dira bi taldeak. Atheneak izan du bigarren zatiko lehen jokaldi arriskutsua eskuinetik egindako barneraldi batekin, baina Juliak geldiketa bikoitz zoragarria egitea lortu du: lehenik area barruan bere jaurtiketa gelditu du eta, jarraian, area txikitik egindako errematea gelditu du baita ere. Realak hainbat ekintzatan arriskua sortzea lortu du eta, markagailura igo ez den gol bat ospatu du. Area txikiaren barruan egindako jokaldi batean, Lucia Rodriguezek baloia sare barrura bultzatu du, baina epaileak Emmak Misa atezainari egindako falta adierazi du, eta jokaldia bertan behera utzi du. Behin eta berriz iritsi arren, gipuzkoarrek ez dute asmatu berdinketaren gola sartzen. Etxekoek ia ez dute arnasa hartzeko tarterik izan txuri-urdinen bultzadaren aurrean.
Reala saririk gabe geratu da, nahiz eta Valdebebasen lan bikaina egin eta gehiago merezi izan duen. Orain, hurrengo hitzorduari begiratzen diote: abenduaren 14an Deportivo Abancaren aurka jokatuko dute Zubietan, 12:00etatik aurrera, garaipenaren bidera itzultzeko eta hazten jarraitzeko aukera berri bat. Aurrera Reala!
Fitxa teknikoa:
Real Madrid CF: Misa (kap.), Shein(S. Cristóbal, min. 92), M. Méndez, Lakrar, Yasmin, Angeldahl, Eva Navarro (Feller, min. 62), Däbritz (Irune, min. 81), Linda C., Athenea eta Redondo (Iris Ashley, min. 81).
Real Sociedad: J. Arrula, Lucía, Apari, Florentino (Lavogez, min. 86), Moraza (kap.), Emma (Arola A., min. 77), P. Fernández (L. Pardo, min. 86), Cahynová, Andreia (Intza, min. 77), Aiara eta Mirari (Edna, min. 58).
Gola: 1-0: Moraza (b.a.), min. 43.
Epailea: Gloria Planes. Txartel horia atera die kanpoko Edna eta Intzari.
Disfruta de tu nuevo carnet digital
Zure informazioa eta datuak konsultatu edo aldatu
Zuretzat bakarrik ekintza eta promozio bereziak
Zozketak, sariak, 360 bideoak, etabar
Gure taldeen eta jokalarien estatistikak
Gure artxibo historikoa kontsulta egin
Audioak, postalak, posterrak eta aldizkariak jeisteko prest.
Zure argazkia taldearekin