REAL SOCIEDAD 0-2 MADRID CFF

Zorterik gabe

Realak denboraldiko lehen porrota jaso du Zubietan Madrid CFFren aurka 0-2 galdu ondoren. Txuri-urdinek ez dute euren eguna izan eraginkorrago agertu den aurkari baten aurka.

Lehen zatia oso parekatuta egon da eta bi taldeen aldetik iritsierak izan dira. Txuri-urdinen aukerarik onena hasierako uneetan iritsi da, Bernabek area ertzetik emandako ezkerkada baten ondoren, zutoinean jo duena. Kanpokoen erantzuna berehala iritsi da eta Rachaelek ere baloia zutoinera bidali du. Madrildarrek arriskua sortzen jarraitu dute, eta korner baten irteeran aldaratze batzuen ostean, Florrek oso gertu izan du gola, area barrutik egindako erremate baten bidez, kanpora joan dena gutxigatik. Gipuzkoarrek neurketaren pisua eraman dute, kanpokoak kontraerasora irteten eta trantsizio arriskutsuekin, baina gol aukera garbi gehiegirik gabe.

Madrid CFFk asko estutu du partida bigarren zatian, Florrek (birritan), Laurenek eta Gabrik egindako erremateekin, baina ez dute golean amaitu Adrianaren geldiketengatik edo langa urratuz joan direlako. Eta azkenean, saiakera askoren ondoren, kanpokoen gola iritsi da, Rachaelek amaitu duen kontraeraso batean. Txuri-urdinak golaren bila joan dira eta Spechtek, areaz kanpotik egindako jaurtiketa sendo batekin, oso gertu izan du berdinketa. Nagusi izan arren, txuri-urdinek ez dute lehia berdintzeko adinako arriskurik sortu, eta geldikako jokaldi batean, Rachaelek langara bidali du baloia eta hau, Adrianaren bizkarrean jo ondoren, atean sartu da. Realak aukera asko sortu ditu azken minutuetan, Andreia eta Gabyren abagune argiekin, Paolak urrundu dituena, eta Gemmaren urrutiko beste erdiraketa batekin honek langan jo ostean, baina ez du asmatu, ezta zortea alde izan ere.

Denboraldiko lehen porrota txuri-urdinentzat. Egunen batean iritsi behar zen. Orain, selekzioen geldialdia eta, bi aste barru, derbia San Mamesen Athletic Cluben aurka. Aurrera Reala!


Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: A. Nanclares, Iraia (Le Guilly, min. 78), Tejada (Specht, min. 46), I. Arnaiz, Vanegas, Bernabé (Cecilia, min. 78), Gaby G., Gemma, N. Eizagirre (cap.), Amaiur (Mirari, min. 69) eta Franssi (Andreia, min. 69).

Madrid CFF: Paola (cap.), Itzi, Mónica, Lauren, Aldi, Laura, Estela, Karen (Aida, min. 82), Flor (Memo, min. 94), Gabri (Grace, min. 73) eta Rachael (Lucía, min. 82).

Golak: 0-1: Rachael, min. 57; 0-2: A. Nanclares (b.a.), min. 77

Epailea: Luna Varo. Txartel horia erakutsi die etxeko Tejada eta Vanegasi eta kanpoko Rachel eta Luciari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!