Mende erdia bete da gaur Europako txapelketan lehen aldiz jokatu genuenetik. Atotxan izan zen, Banik Ostrava talde txekiarraren aurka. 73-74 denboraldian laugarren postuan bukatu zuten txuri-urdinek liga, FC Barcelona, Atlético de Madrid eta Zaragozaren ostean. Hurrengo denboraldian Andoni Elizondok zuzentzen zuen taldea talde txekiarrarekin parekatu zen orduko UEFA Kopako lehen kanporaketan.
Kanporaketa hura nolakoa izan zen gogoratu nahi izan dugu, baita donostiarrek Europan eman zituzten lehen urratsak ere. Talde historiko hartako Carmelo Amas, Diego Álvarez eta Santi Idigoras elkartu ditugu Reale Arenan, duela berrogeita hamar urte bizitakoa nola gogoratzen duten azaltzeko.
Kanporaketa Atotxan estreinatu zen. Donostiarrek euren esperientzia eza ordaindu zuten eta, txekiarrak baino hobeak izan ziren arren, bigarren zatian Mickaren gol bakarti baten ondorioz galdu zuten. Kanporaketa oso maldan gora utzi zuen huts eta batekoak eta itzulerako partidan ere donostiarrek lau eta huts galdu zuten.
Europako lehen partida hark honako hamaikakoa izan zuen: Urruticoechea, Gorriti, Murillo, Gaztelu, Martínez, Kortabarria, Araquistain, Diego, Ansola, Urreisti eta Boronat. Aulkitik Uranga eta Amas sartu ziren. Talde hark jarri zuen gure europar historia guztiak gero izango zirenaren lehen harria.