SANSE 1-0 UNIONISTAS DE SALAMANCA CF

Agur ezin hobea

Vídeo

Sansek bat eta huts irabazi dio Unionistas de Salamanca taldeari gaur gauean Zubietan. Ruperezek azken minutuan sartutako gol ikusgarri batek hiru puntuak eman dizkio talde txuri-urdinari Sergio Franciscoren azken partidan.

Kanpokoak nagusi izan dira lehen zatian eta aurretik jartzeko aukerarik onenak izan dituzte. Moreno saiatu da lehenengoa eskuineko zutoinetik gertu joan den ezkerkada batekin. Jarraian, Rastrojo gertu geratu da Fraga gainditzeko zelai erditik egindako eskuinkada batekin. Etxekoak erreakzionatzen saiatu dira eta Astiazaranek abagune argia izan du Ivan Martinezen aurrean bakarrik geratu ostean, baina ez du asmatu buruz burukoan. Ondoren, Fragak geldiketa bikain batekin erantzun dio Arribaren ezkerkada gurutzatuari. Atsedenaldira iritsi aurretik azkena donostiarrentzat izan da, Ruperezek kanpora bidali duen area ertzetik egindako jaurtiketa batekin Marchal eta Mariezkurrenarekin jokaldi oso ona egin ondoren.

Bigarren zatian, gipuzkoarrek aurrerapausoa eman dute partida berdinduta mantentzeko. Neurketak abagunerik gabe jarraitu du baina etxekoen nagusitasun txikiarekin eta bi taldeen iritsiera bat edo besterekin. Luzapenean, eta norgehiagoka amaierara hutsean iritsiko zela zirudienean, Rupérezek bat eta hutsekoa egin du area kanpotik egindako eskuinkada ikusgarri batekin. Sekulako gola talde donostiarrari hiru puntuak emateko.

Garaipena azken segunduan Sergio Franciscoren azken partidan. Honi esker, txuri-urdinek playoff postuetan jarraitzen dute lau partidaren faltan. Datorren astean Gimnastica Segovianari egingo diote bisita sailkapeneko goiko aldean jarraitzeko beste hiru puntu lortzeko helburuarekin. Aupa Sanse!

Fitxa teknikoa:

Sanse: Fraga, Rupérez, P. Rodríguez (kap.), Beitia, Astigarraga (Balda, min. 58), Carbonell, Lebarbier (M. Rodríguez, min. 58), Mariezkurrena, Astiazaran (Ramírez, min. 78), Marchal (Carrera,  min. 78) eta Orobengoa (E. García, min. 70).

Unionistas de Salamanca CF: I. Martínez, Serrano, Baz, C. García, Vergés, Rabadán, Tur (kap.) (I. González, min. 73),  Moreno (Á. Gómez, min. 89), Rastrojo (D. García, min. 65), Arriba eta Santamaría (De la Nava, min. 65).

Gola: 1-0: Rupérez, min. 92.

Epailea: Ortega Herrera. Txartel horia erakutsi die etxeko Astiazarani eta kanpoko De la Nava eta Morenori.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!