Sansek huts eta bat irabazi dio Amorebietari gaur arratsaldean Urritxen. Txuri-urdinak aurretik jarri dira Gotik egindako golari esker eta emaitzari eutsi diote nahiz eta jokalari bat gutxiagorekin geratu garaipenaren bidera itzultzeko.
Lehen zatia oso parekatua eta ia aukerarik gabe igaro da. Donostiarren lehen iritsiera arriskutsua Ruperezen eskuinkada bat izan da, etxekoen atezainak kornerrera urrundu duena. Bizkaitarren abagune bakarra Selmak izan du, falta batean Ericen erdiraketaren ondoren buruz kanpora bidali duenena. Neurketa atsedenaldira iristear zegoenean, Gotik aurretik jarri du kanpoko taldea area kanpotik egindako jaurtiketa baten bidez, atezainaren aurrean baloiak botea eman ostean. Horrela, norgehiagoka huts eta batekoarekin iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatian, etxekoak estutzen hasi dira. Ben Hameden erdiraketa baten ostean Alvaro Marinek gola sartu du, baina epaileak jokoz kanpo adierazi du. Gipuzkoarren erantzuna Gotik eman du kanpora joan den ezkerkada batekin. Orobengoak ere aukera oso garbia izan du Ruperezen erdiraketa bat garbi errematatu ezinik geratu denean. Neurketa bideratua uzteko gola zen. Amorebietak ere abagune bikaina galdu du Vicandiren kanpora bidali duen buruz buruko batean. Minutu batzuk geroago, ia gauza bera gertatu da Marchalekin. Eder Garcia ere saiatu da Marinok bi alditan harrapatu duen jaurtiketa batekin. Eder Garcia bera kaleratua izan da handik gutxira bi txartel hori jaso ondoren. Azken minutuetan, zornotzarrak, jokalari bat gehiagorekin, berdinketaren bila joan dira, baina donostiarrek bikain defendatu dute emaitza hiru puntuak lortzeko.
Garaipen garrantzitsua Sanserentzat bost partida irabazi gabe egon ondoren. Txuri-urdinek igoera playoff postuetan jarraituko dute eta datorren astean Andorra hartuko dute Zubietan sailkapenaren goiko aldean dauden bi taldeen arteko partida batean. Goazen!
Fitxa teknikoa:
SD Amorebieta: Marino (kap.), Enol Coto (Vicandi, min. 64), Amelibia, Kortazar, Eric (Camacho, min. 78), Yuste, Masllorens (Hervías, min. 64), Javi Sola, Ben Hamed, Á. Marín (Kaxe, min. 86) eta Selma (I. Muñoz, min. 64).
Sanse: Fraga, Rupérez, P. Rodríguez (kap.), Beitia, Lebarbier (M. Rodríguez, min. 59), Astiazaran (Balda, min. 59), Carbonell, E. García, Goti (Gibelalde, min. 79), Marchal (Ramírez, min. 79) eta Carrera (Orobengoa, min. 66).
Gola: 0-1: Goti, min. 40.
Epailea: Gil Soriano. Txartel horia erakutsi die etxeko Enol Coto, Á. Marín eta Amelibiari eta kanpoko Carbonell eta M. Rodriguezi. Kanpoko taldeko E. Garciak txartel gorria ikusi du 88. minutuan bi txartel hori jaso ondoren.