FC ONA SANT ADRIÀ - REAL SOCIEDAD B (IGANDEA, 12:30)

Ametsaren lehen geltokia

Real Sociedad B-k denboraldia markatzen duten hitzordu horietako bati egingo dio aurre gaur eguerdian. Txuri-urdinek FC Ona Sant Adrià bisitatuko dute 12:30ean, Primera Federación Iberdrolara igotzeko playoffeko finalaren joaneko partidan. Ez da partida bat gehiago. Mailaz igotzeko norabidean lehen kapitulua izango da.

Taldea ilusioz eta konfiantzaz iritsi da Sant Adriàra, hemen egotea merezimendu osoz lortu duela jakinda. Finalerdietan, Zubietan, Málaga CFren aurka luzapenean lortutako garaipenak indar handia eman dio taldeari, eta orain beste erronka handi bati helduko dio. Finala hemen da, eta Realak nortasunez, anbizioz eta denboraldi osoan zehar erakutsi duen heldutasunez lehiatu nahi du.

Aurrean FC Ona Sant Adrià izango du, une oso onean datorren taldea. Kataluniako taldeak nagusitasunez gainditu zuen Zaragoza CFF finalerdietan, eta etxean jokatuko du joaneko partida, aukera historiko baten aurrean dagoela jakinda. Aurkari bizia izango da, konfiantzaz betea eta Realaren bertsiorik onena eskatuko duena. Final batean ez da ezer oparitzen. Are gutxiago Zubietatik urrun.

Kanporaketa xehetasun txikiek erabakiko dute. Gaur ez da guztia erabakiko, baina bidearen zati handi bat idazten has daiteke. Realak sufritzen jakin beharko du partidak hala eskatzen duenean, erritmoak ondo kudeatu, lehia zuzenetan sendo aritu eta indar une bakoitza aprobetxatu. Horrelako agertokietan buruak, bihotzak eta partida estutzen denean tinko jarraitzeko gaitasunak pisu handia dute.

Aldagelak badaki zer dagoen jokoan. 180 minutu dira igoera lortzeko borrokatzeko, lan handiz egindako bidea biribiltzeko eta emakumezkoen proiektu txuri-urdina hazten jarraitzeko. Lehen pausoa gaur goizean iritsiko da, etxetik kanpo, zelai zail batean eta amets bera duen aurkari baten aurrean. Horregatik da erronka hain polita.

Real Sociedad B-k final hau bizitzeko eskubidea irabazi du. Orain, lehiatzea tokatzen da. Errespetuz, ausardiaz eta taldea honaino ekarri duen nortasunarekin. Gaur hasiko da azken erronka.

Aupa Real!

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!