Sufrituta, baina Reala UEFA Europa Leagueko final-hamaseirenetako ontzian egongo da, gaur gauean Napolin berdinketa lortu eta AZk Rijekan galdu ostean.
Norgehiagokaren tentsioa handia zen, baina txuri-urdinak erabat entxufatuta sartu dira zelaira. Euria egin du partida osoan, eta berdegunea oso azkar utzi du. Realak oso ondo jokatu du, konbinatuz eta bertikala izanez, goian estutuz eta gola edozein unetan irits zitekeela pentsatuz. Willian Josek izan du lehen aukera, Ospinak ondo atera duen ezkerkada batekin. Argiena kontraeraso batean iritsi da, brasildarrak alde egin du, eta bere pasea ezin izan du Portuk barruan sartu. Oso argia zen eta ez dugu aprobetxatu. Napolitarrek arrisku gutxi sortu dute Remiroren aurrean, ekintza isolaturen bat arrisku pixka batekin, baina ez gehiegi. Baina ezagutzen ditugu Italiako taldeak, beraien futbolari etekina ateratzen maisuak. Horrela, korner baten irteeran, Zielinskik bolea perfektu batekin bere taldea aurretik jarri du. Reala markagailuan azpitik izatea ez zen bidezkoa, baina Europak ez du barkatzen.
Reala ondo zelairatu da eta aukerak berriz ere txuri-urdinenak izan dira. Merinok, birritan, eta Monrealen erdiraketa batek, errematatzailerik aurkitu gabe area txikian ibili denak, donostiarren merituak areagotu besterik ez dute egin txapelketa kontinentalean jarraitzeko. Eta denbora amaitzen ari zenean, Willian Josek, area barrutik egindako erremate bikain batekin, berdinketa lortu du.
Realak Europan jarraitzen du merezimendu osoz. Sufritzen, baina talde honek gehiago nahi duela erakutsiz. Aupa Real!
Fitxa teknikoa:
SSC Napoli: Ospina, Di Lorenzo, Maksimovic, Koulibaly, Mario Rui (Ghoulam, min.82), Fabian Ruiz, Bakayoko (Demme, min.70), Zielinski (Elmas, min.74), Lozano (Politano, min.70), Insigne (kap) eta Mertens (Petagna, min.70).
Real Sociedad: Remiro, Zaldua (kap) (Gorosabel, min.46), Zubeldia, Le Normand (Isak, min.78), Monreal (Aihen, min.78), Guevara (Sagnan, min.78), Zubimendi, Merino, Januzaj, Portu (Barrenetxea, min.56) eta Willian Jose.
Golak: 1-0: Zielinski, min.35; 1-1: Willian J., min.92
Epailea: Tsvika Grinfeeld (Israel). Txartel horia erakutsi die etxeko Mertens, Lozano eta Fabiani eta kanpoko Zubimendi, Le Normand eta Zubeldiari.