SEVILLA FC – REAL SOCIEDAD (IGANDEA, 18:30)

Aurrerapauso bat eman


Realak Sanchez Pizjuan zelaia bisitatuko du gaur arratsaldean. Txuri-urdinek ostegunean FC Jove Español de San Vicente taldearen aurka jokatu behar zuten, baina Kopako lehen kanporaketako norgehiagoka atzeratu egin zen. Gaurkoan Sevilla FC taldearen aurka jokatuko dute, iragan asteburuan CA Osasunaren aurka jasotako porrota ahaztu eta aurrerapauso bat emateko helburuarekin.


Denboraldiko unerik onenean helduko dira sevillarrak. Zalantzazko hasiera baten ondoren, orain lau garaipen lortu dituzte euren azken sei konpromisoetan, porrot bakarrarekin liderraren aurka, FC Barcelona. Bere izarra Lukebakio da, bost gol sartu ditu ligan eta erabakigarria izan da azken neurketetan: azken jardunaldian RCD Espanyolen aurka bi gol sartu zituen eta etxean jokatu zuten azken partidan Sevillako derbian garaipenaren gola egin zuen.