SANSE 2-0 CF FUENLABRADA

Aurrerapausoa

Vídeo

Sanse garaipenaren bidera itzuli da Fuenlabradari 2-0 irabazita gaur arratsaldean Zubietan. Txuri-urdinak madrildarrak baino hobeto aritu dira eta hiru puntu oso garrantzitsu lortu dituzte, aurrerapausoa eman eta sailkapenaren erdialdean sendotzeko.

Lehen zatia oso parekatuta egon da. Kanpokoek lehen aukera izan dute Benitoren ezkerkada batekin, oso gutxigatik kanpora joan dena. Handik gutxira, donostiarren lehen abagunean, gola iritsi da: Marinek atzelaria gainditu, areara iritsi eta Azkuneri utzi dio, honek nahi bezala gola egin dezan. Jokaldi bikaina eta gol ikusgarria. Gure filialak partidaren kontrola mantendu du hemendik aurrera, aurkariari aukera arriskutsu bat ere eman gabe.

Azkunek eragindako falta batean, Albak bigarren txartel horia ikusi du eta madrildarrak hamar jokalarirekin geratu dira. Falta horretan, Marin bigarren gola sartzeko zorian izan da, baina Belmanek kornerrera urrundu du. Hain zuzen ere, korner horretan, oraingoan bai, gola iritsi da: aldaratzea Gorrotxategik aprobetxatu du erdiratzeko, eta Azkunek, area barruan, hanka sartu du baloia sare barrura desbideratzeko. Gure filialak, abantaila bikoitzarekin eta jokalari bat gehiagorekin, partida kontrolpean izan du amaierara arte, eta hainbat aukera izan ditu markagailua handitzeko. Baldak, apur bat desbideratuta joan den ezkerkada batekin, donostiarren onena izan du, baina markagailua ez da berriro mugitu.

Haizea hartzeko eta bolada txarra eteteko balio duen garaipena. Datorren asteburuan SD Tarazonaren aurka jokatuko dute. Aupa Sanse!

Fitxa teknikoa:

Sanse: Fraga, Ruperez, Aramburu (Balda, min. 73), Martin, P. Rodriguez (Beitia, min. 73), Zoilo, Gorrotxategi, M. Rodriguez (E. Garcia, min. 66), Marin, Magunazelaia (kap.) (Mariezkurrena, min. 46) eta Azkune (Dadie, min. 79).

CF Fuenlabrada: Belman, Sotillos (kap.), Alba, Lama, Barbosa, Alvaro G. (Buer, min. 75), Bravo (Kara, min. 84), Galindo (Aarón, min. 75), Benitez (Curras, min. 46), Raúl (Ilies, min. 67) eta S. Benito.

Golak: 1-0: Azkune, min. 21; 2-0: Azkune, min. 61.

Epailea: Ramo Andres. Txartel horia erakutsi die etxeko Gorrotxategi, Azkune, M. Rodriguez, Martin eta Zoilori eta kanpoko Ilies eta Karari. Kanpoko Albari txartel hori bikoitza erakutsi dio (min. 58).

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!