VALENCIA CF 0-1 REAL SOCIEDAD

Geldialdira irribarre batekin

Reala irribarre batekin iritsiko da geldialdira. Txuri-urdinek Valencia CF mendean hartu dute etxetik kanpo, azken asteetako eskakizun handiari amaiera bikaina emanez eta hazten jarraitzeko garaipen garrantzitsua eskuratuz.

Realak lehen minututik estutu du, erasora begira eta aurkariaren areara behin eta berriz iritsiz. Nereak eman du lehen abisua, etxeko atezainak gelditu duen jaurtiketa batekin. Kapitainak izan du handik gutxira ordura arteko aukerarik garbiena: korner baten ondoren Aparik errematatu, baloia area txikian solte geratu eta Nereak langa gainetik bidali du. Valentziak ere erantzun du, geldikako jokaldi batean penalti puntutik egindako burukada batekin, baina baloia gora joan da. Eta hirugarrenean, Nereak ez du barkatu. Txuri-urdinen jokaldi bikaina: Pauferrek ezkerrera ireki du Moraza bilatuz, eta honek Intza aurkitu du area ertzean. Aurrelaria area barrura sartu da eta, jaurtiko zuela zirudienean, atzera pase bikaina eman dio kapitainari. Nereak baloia eskuineko zutoinera doituta bidali du, Realaren lehen gola egiteko. Valentziak kontraeraso azkar batean erantzun du, baina Juliak, sekulako erreflexuak erakutsiz, Wifiren gertutik egindako jaurtiketa. Realak bigarrena ere oso gertu izan du: Ainhoa Morazak desmarkatze bikain baten ondoren sareetara bidali du baloia, baina gola baliogabetu dute, zalantzazko jokoz kanpoko baten ondorioz. Intzak eman du atsedenaldiaren aurreko azken abisua, area ertzetik egindako jaurtiketa zutoinaren ondotik gutxigatik kanpora joan baita.

Reala gehiagoren bila zelairatu da aldageletatik, jokaldi konbinatuen bidez aldea handitu nahian eta aurkariaren atera arriskuz gerturatuz. Baina Valentziak, puntuak lortzeko beharrarekin, aurrerapausoa eman eta intentsitate berarekin erantzun du. Etxekoek erritmoa igo dute eta Reala deseroso jokaraztea lortu dute. Valentziak behin eta berriz estutu du, donostiarrak estutasunean jarriz eta abantaila defendatzeko sufritzera behartuz. Sufritzeko minutuak izan dira, etxekoen bultzadari aurre egin eta sendo mantentzekoak. Realak sufritzen jakin du partidak hala eskatzen zuenean, eta Valentziaren eraso guztiei eutsi die abantaila baliotsuari heltzeko.

Garaipen bikaina lehiaketaz betetako aste hauei amaiera emateko. Orain, selekzioen konpromisoengatik egingo den geldialdia iritsiko da, azken asteetako ahaleginaren ondoren atseden hartu eta indarrak berritzeko balioko duten egunak. Itzuleran, beste erronka handi bat izango dute txuri-urdinek: FC Barcelona Zubietara etorriko da bi asteburu barru.

Fitxa teknikoa:

Valencia CF: Alice P. Lena Pérez, Nazareth, Sáez, Pauleta (K), Mascarell (Noa, min. 71), Tamarit, Carol (Mbadi C., min.67), Rebecca E. (Marcano, min. 71), Gema (Yasmin, min. 81) eta Wifi (Tere, min.67)

Real Sociedad: J. Arrula, L. Camino, Florentino, Apari, Moraza, Ainhoa M. (Esther, min. 74), P. Férnandez, Ainoa (Maren, min. 74), Cecilia (Arola A., min.61), Intza eta N. Eizagirre (K) (Seelenfreund, min. 74) 

Gola: 0-1: N. Eizagirre, min.23.

Epailea: Alicia Espinosa. Etxeko Wifi, Rebecca, Tamarit, Pauleta eta Sáezi eta kanpoko Apari eta Intza zigortu ditu.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!