CA OSASUNA B 0-2 REAL SOCIEDAD B

Azkeneko hiruak etxetik kanpo

Gure emakumezkoen filialak huts eta bi irabazi dio CA Osasunaren bigarren taldeari gaur arratsaldean Taxoaren. Isasisasmendik eta Arruebarrenak bigarren zatian egindako bi golek hiru puntuak eman dizkiote talde txuri-urdinari denboraldi honetan etxetik kanpo jokatu duen azken partidan.

Donostiarrak nagusi izan dira baloi jabetzan ia aukerarik egon ez den lehen zatian. Iruindarrak sendo aritu dira defentsan kanpokoen hurbilketa gutxiren bat saihesteko. Ibarguren eta Isasisasmendi izan dira saiatu diren bakarrak ondo bukatu ezin izan dituzten pare bat jokaldirekin. Horrela, partida hutsean iritsi da atsedenaldira.

Bigarren zatian, etxekoek, jakinda zer duten jokoan, aurrerapausoa eman dute. Hala ere, gipuzkoarrek nagusitasunarekin jarraitu dute eta aurretik jarri dira Isasisasmendiren golari esker, gorritxoen defentsaren hainbat aldaratzeren ondoren. Handik gutxira, Isasisasmendik berak pase diagonal bikaina utzi dio Arruebarrenari eta honek ez du barkatu buruz burukoan bigarrena egiteko. Norgehiagoka bideratuta zegoela, nafarrak aldea murrizten saiatu dira, baina ez da gehiagorako denborarik izan, eta partidaren amaierara zero-bi iritsi dira.

Hiru puntu gehiago gure filialarentzat. Nahiz eta jokoan ezer ez eduki, txuri-urdinek bolada onari jarraipena ematea lortu dute eta bigarren itzulian partidarik galdu gabe jarraitzen dute. Datorren astean denboraldia ahalik eta ondoen ixten saiatuko dira Rayo Vallecanoren aurka Zubietan, non ez duten partida bakar bat ere galdu urte osoan zehar. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

CA Osasuna B: Goyeneche, Sánchez, Capilla (Augusto, min. 77), Ezponda, Churruca (Doncel, min. 84), Bertiz, Echarri, Bronte (Miqueleiz, min. 84), Rodríguez (Ainzúa, min. 77), C. Fernández (Constanza, min. 57) eta M. Fernández.

Real Sociedad B: Mendiburu, Uranga (Losada, min. 46), Etxeberria (Urdampilleta, min. 68), Solozabal, Etxebeste, Azpirotz, Zunzunegi, Isasisasmendi, Aranburu (Olaetxea, min. 79), Ibarguren (Etxarte, min. 46) eta Puy (Arruebarrena, min. 68).

Golak: 0-1: Isasisasmendi, min. 61; 0-2: Arruebarrena, min. 74.

Epailea: Paz Urrutia. Txartel horia erakutsi die etxeko Sánchez, Rodríguez, Bronte eta Pascuari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!