REAL SOCIEDAD 1-0 LEVANTE UD

Beste bat

Realak pauso sendoarekin jarraitzen du. Levanteri irabazi dio arratsalde gonetan bat eta huts, goian finago aritu izan balitz, gol-zaparrada izan zezakeen partida batean. Merinoren hasierako golak hiru puntuak eman dizkio talde gipuzkoarrari.

Realak lehen zati bikaina osatu du, baina atsedenaldira partida erabakita utzi gabe joan da, nahiz eta aukera dexente izan horretarako. Merinoren gol batekin aurreratu dira, hamar minuturen buruan, nafarrak zutoinarekin topo egin ostean. Oyarzabalek pasea atzera egin du, area barruan, eta Merinok sarera bultzatu du. Reala erasoan egon da, baina ezin izan ditu eskura izan dituen aukerak gauzatu. Oyarzabalek lehen penaltia huts egin du LaLigan eta Isakek ez du asmatu Cardenasekin buruz burukoan. Bi aukera horiez gain, bukaeran asmatu ez duten beste asko ere izan dituzte.

Bigarren zatian, donostiarrek aukera sortzen jarraitu dute. Bata bestearen atzetik. Partida ia eraso bakoitzean erabakita uzteko zegoen, baina eraginkortasuna ez da gaurkoan Imanolen taldearen indarra izan. Jokaldiz jokaldi, erasoz eraso, Realak beste edozein taldek hilabete osoan pilatu ditzakeen gol aukerak izan ditu. Cardenasen aurka ez asmatzeak partida irekita uzten zuen, eta horrek, bataren eta bestearen aukerak ikusita, sinestezina zirudien. Isakek hainbat aldiz egin du topo Cardenasekin, Le Normandek langarekin, Portuk gora joan den errematearekin, eta horrela, bata bestearen atzetik. Esplikaezina bakarrik bat eta huts bukatzea.

Realak bere pribilegio-posizioa sendotu du eta are tarte handiagoa irabazi du bere jarraitzaileekin. Ildo horretatik jarraituz gero, Europa gero eta gertuago egongo da. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Remiro, Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Aihen, Zubimendi, Merino, Silva (Guridi, min.80), Oyarzabal (kap)(Barrenetxea, in.73), Januzaj (Portu, min.73) eta Isak (Carlos Fernandez, min.80).

Levante UD: Cardenas, Coke (Malsa, min.57), Duarte, Rubén Vezo, Toño Garcia (Clerc, min.82), Bardhi, Vukcevic (De Frutos, min.57), Rochina (Doukoure, min.70), Son, Dani Gomez (Roger, min.70) eta Morales (kap).

Gola: 1-0: Merino, min.10.

Epailea: Soto Grado. Txartel horia erakusi dio kanpoko Rochina eta Dani Gomezi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!