Realak lau eta bat irabazi dio RCD Espanyoli gaur goizean Zubietan. Txuri-urdinek Aparicioren gol goiztiarra iraultzea lortu dute bigarren zati ikusgarri bati esker, lehen itzulia ahalik eta ondoen ixteko.
Partida hasi eta 11 segundora kanpokoek aurrea hartzea lortu dute: Amaiaren baloi luzea, Marrek buruz jo eta Apariciok Lete gainditu du buruz burukoan. Kolpe gogorra. Zalantzazko lehen minutu batzuen ondoren, donostiarrek euren jokoa aurkitu dute. Abagunerik onena Nereak izan du Amaiurren erdiraketa errematatu ostean, baina Salvadorrek gola eragotzi du geldiketa bikain bati esker. Atsedenaldian, azpitik markagailuan.
Txuri-urdinek partidaren pisua eramaten jarraitu dute aldageletatik igaro ostean. Hamabost minutu pasatxoan, txuri-urdinek buelta eman diote neurketari, erakustaldia emanez. Franssik sartu du lehenengoa, buruz, Luciaren erdiraketa errematatu ondoren. Handik gutxira, Lucia Pardok area barruko aldaratze bat aprobetxatu du emaitzari buelta emateko. Cahynovak, buruz korner baten irteeran, garaipena bideratzea lortu du donostiarren hirugarren gola sartuta. Eta laugarren eta azken gola Amaiurren bitartez iritsi da, Marrek urrundu duen eta Ballestek bere atean sartu duen buruz burukoaren ondoren. 17 minutu antologiko nahikoak izan dira beste garaipen bat lortzeko.
Hiru puntu hauekin txuri-urdinak laugarren postuan mantentzen dira, baina oraingoan hirugarren postuan dagoen Atlético de Madridekin berdinduta. Horrela jarraitzera. Orain Superkopako finalerdietako osteguneko partida prestatu behar da, Real Madriden aurka. Gehiago nahi dugu. Aupa Real!
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad: Lete, Emma (Intza, min. 55), Lucía, Apari, Cecilia (Mirari, min. 55), Andreia, Cahynová, N. Eizagirre (kap.) (Lorena, min. 69), Amaiur (E. Guridi, min. 78), L. Pardo eta Franssi (Izarne, min. 78).
RCD Espanyol: Salvador (Mar, min. 62), Caracas, Amaia, L. Ballesté, Paula P. R., Carol (kap.), Ainoa, Mar T. (Hoekstra, min. 76), Aparicio A. (J. Pablos, min. 68), L. Vallejo (Simona, min. 63) eta L. Chamorro (Iara, min. 68).
Golak: 0-1: Aparicio A., min. 1; 1-1: Franssi, min. 60; 2-1: L. Pardo, min. 70; 3-1: Cahynová, min. 75; 4-1: L. Ballesté (b.a.), min. 77.
Epailea: Trujillano Gallardo. Txartel horia erakutsi dio kanpoko Mar T.-ri.