Realak beste garaipen bat lortu du, hirugarrena jarraian (ligako lau partidatan), gaur arratsaldean Zubieta Estadioan Levante UD 2-1 mendean hartuta. Donostiarrak gehiago izan dira neurketa osoan zehar, baina ez dute garaipenaren merezitako gola lortu azken txanpara arte.
Txuri-urdinek indartsu ekin diote norgehiagokari eta pare bat abagune onen ondoren, kapitainak arratsaldeko lehena sartzea lortu du korner zuzen ikusgarri batekin. Handik gutxira, epaileak FVS-a erabili du zalantzazko jokaldi bat berrikusteko, eta penaltia adierazi du azkenean baloiak Morazaren eskuan jo ostean. Érikak, hamaika metroetatik, ez du barkatu eta berdinketa jarri du markagailuan. Epaileak monitorea berriro kontsultatu behar izan du, oraingoan Sintiak Aiarari eraso egin diolakoan, baina txartel hori hutsean utzi du. Ulertzen zaila. Atsedenaldira iritsi baino lehen, bigarren gola sartzeko aukera izan dute gipuzkoarrek, baina Nerearen burukada gutxigatik kanpora joan da.
Donostiarren nagusitasunak aldageletatik igaro ondoren jarraitu du. Maria Molinak bigarrena lortu du hanka lurretik luzatuz, baina epaileak adierazi duenez, FSV-ko enegarren kontsultaren ostean, falta bat izan da, eta kontra erori da berriro ere. Txuri-urdinek saiatzen jarraitu dute eta garaipena lortzeko adina meritu egin dituzte. Azkenean, saiakera askoren ondoren, gola iritsi da: Maria Molinak erdiratu du, atezainak baloia urundu du eta kapitainak, nork bestela, ezker hanka sartu du baloia sare barrura bultzatzeko. Gipuzkoarrak hirugarrena sartzear egon dira, baina Guridiren eskuinkadak zutoinean jo du. Eta azken jokaldian, berdinketa iristear, Doloresek area barruan ezkerrez izandako abagunearen ondoren; zorionez, desbideratuta joan da. Eskerrak.
Azkenean, hiru puntuak Zubietan geratu dira. Eta hori da garrantzitsuena. Gainera, oso merezita, azken sustoa gorabehera. Datorren asteburuan, erronka berria FC Badalona Women taldearen aurka. Aupa Real!
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad: J. Arrula, Lucía (Apari, min. 70), M. Molina, Moraza, Aiara (Cecilia, min. 79), P. Fernández, Andreia (Cahynová, min. 79), Intza (L. Pardo, min. 70), Arola A., N. Eizagirre (kap.) (E. Guridi, min. 86) eta Edna.
Levante UD: Coronado, Alharilla (kap.), Eva Alonso, Teresa, Gabaldón, Carol, Dolores, Érika, Sintia C. (D. Luque, min. 79), R. Carrasco eta Agama (Inés, min. 46).
Golak: 1-0: N. Eizagirre, min. 16; 1-1: Érika (pen.), min. 27; 2-1: N. Eizagirre, min. 81.
Epailea: Raquel Suárez. Txartel horia erakutsi die etxeko Edna eta P. Fernandezi eta kanpoko Sintia C.-ri.