VILLARREAL CF 1-4 REAL SOCIEDAD

Beste hiru puntu

Vídeo

Realak urte berriko hirugarren garaipena jarraian lortu du. Txuri-urdinek 1-4 irabazi dute Villarrealen aurka eta hiru puntuak eskuratu dituzte, berriro ere. Horrela, Realak 2022an jokatutako bederatzi puntuetako guztiak lortu ditu eta denboraldi historikoa egiten jarraitzen dute. Beste behin, gipuzkoarrek neurketa paregabea jokatu dute.

Hirunaka batzen jarraitzea. Helburu horrekin zelairatu dira txuri-urdinak beste aste batez. Partidako lehenengo minutuetan Natalia Arroyoren taldea izan da nagusi joko aldetik, baina ez dute aukera askorik izan. Etxekoek, defentsan lan ona egin ostean, aurrera pauso bat ematea erabaki dute, baina arriskurik gabe. Hemezortzigarren minutuan iritsi da lehenengo aukera garbiena, baina Gemmaren falta jaurtiketa zuzena Elena de Toro atezainak gelditu du. Realak golaren bila jarraitu du, eta azkenean lortu du helburua. Amaiurrek Ane Etxezarretaren pase eder bat kontrolatu du area barruan eta, defentsa gainditu ostean, baloia sareetara bidaltzea lortu du. Nerea Eizagirrek markagailuko tartea handitzeko aukera izan du, baina bere jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. Epaileak lehenengo zatiaren amaiera adierazi aurretik Nuriak bere oinetan izan du bigarrena, baina Elena de Torok txuri-urdinen gola eragotzi du. Lehen zatia oso parekatua izan da Vila-realen, baina gipuzkoarrek sentsazio onekin amaitu dituzte lehenengo berrogeita bost minutuak.

Bigarren zatiaren hasiera ezin hobea izan da Natalia Arroyok zuzendutako taldearentzat. Lehenengo minutuan, Iris Arnaizek pase sakon bat egin dio Franssiri eta honek ez du barkatu atezainaren aurrean. Hortik gutxira, berrogeita bederatzigarren minutuan, hirugarrena iritsi da. Elena de Torok Gabyren errematea desbideratu du, baina aldaratzea Franssiren oinetara iritsi eta baloia sareetara bidali du. Realak, denboraldian zehar erakutsi duen bezala, aurrera egiten jarraitu du, eta horrela iritsi da laugarrena: Allegrak bigarren zutoinean errematatu du Nerea Eizagirreren erdiraketa eta partida erabakita utzi du. Neurketa amaitzeko minutu baten faltan etxekoek markagailuko tartea txikitu dute Sheilaren golari esker. Hala ere, Realak beste partida borobil bat jokatu du eta hiru puntuak etxera ekarri dituzte.

Urteko hirugarren garaipena. Hirutik hiru. Natalia Arroyoren taldeak denboraldiko hamabosgarren garaipena lortu du, taldearen denboraldi hoberenean eta bigarren postuan finkatuta. Partidaz partida, txuri-urdinek maila izugarria erakusten jarraitzen dute. Erritmo berak jarrai dezala! Aurrera Reala!

 

Fitxa teknikoa:

Villarreal CF: Elena del Toro, Olivia, I. Miguelez (Soldevila, min. 69), Y. Gimenez, Cienfu (Bea Prades, min. 69), Sheila, Zaira (F. Lara, min. 69), Tere (Vera Rico, min. 81), Belen (S. Medina, min. 74), Estefa eta Lara Mata.

Real Sociedad: Adriana, Emma, Etxezarreta, Vanegas, Nuria. R (Iraia, min. 80), I. Arnaiz (Maddi, min. 63), Gemma, Gaby G. (Claudia, min.80), Amaiur (Allegra, min. 63), Franssi (Jensen, min. 71) eta N. Eizagirre.

Golak: 0-1: Amaiur, min. 30; 0-2: Franssi, min: 47; 0-3: Franssi, min: 49; 0-4: Allegra, min. 71; 1-4: Sheila, min. 89.

Epailea: Muñoz Di Giovambattista. Txartel horia atera die etxeko Zaïrari eta kanpoko I.Arnaizi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!