Aktibatuta dago, dagoeneko, Real Sociedad Fundazioak antolatutako Campus RS ekintzarako izen ematea. Izena emateko epea hilaren 19an itxiko da, eta, ondoren, izena eman dutenen artean zozketatuko dira txandak. Udako campusa, ‘Udara Realarekin’ programaren jarduera, Urnietan egingo da, 4 txanda izango ditu eta 2011 eta 2014 artean jaiotako neska-mutilei zuzenduta dago.
Txandak honako hauek izango dira: (ekainaren 26-30; uztailaren 10-14; uztailaren 17-21; uztailaren 24-28).
Izena eman dutenen artean zozketatuko dira txandak
Izena emateko prozesua errazteko, edizio honetatik aurrera, zozketa egingo da izena ematen duten haur guztien artean. Campuseko txanda bakoitzeko plazak, maiatzaren 24an, notario aurrean egingo den zozketa baten bidez esleituko dira.
Izena emateko orduan, haurrek taldean eman dezakete izena (gehienez 4 pertsona talde bakoitzeko). Bi txanda aukeratu ahal izango dira, baina haur bakoitzak txanda batean bakarrik parte hartu ahal izango du. Horregatik, lehentasunezko txanda bat hautatzeko eskatuko da.
Izena emateko formularioa hilaren 19an itxiko da, 23:59an. Izena eman duten guztien artean zozketa egin ondoren, formularioan adierazi den posta elektronikora bidaliko da emaitza.
Urnietan egingo da
Duela egun batzuk aurreratu zen bezala, uda garaitik aurrera Zubietan egingo den birmoldaketaren ondorioz, aurten, Real Sociedad Fundazioaren uda campusa Urnietan egingo da.
Urnietako instalazioen baldintza perfektuek, bai futbolerako, bai campusean egiten diren gainerako kirol eta jardueretarako, eta logistika gaietarako Zubietatik gertu egoteak edizio berri hau behar bezala egitea bermatuko dute.




