SD EIBAR 2-3 REAL SOCIEDAD

Derbia txuri-urdina da

Realak derbi gipuzkoarra irabazi du bi eta hiru SD Eibarren aurka. Txuri-urdinek markagailuari buelta ematea lortu eta denboraldiko hamaikagarren garaipena eskuratu dute.

Partida emozioz, lehiaz eta aukerez josita egon da. Bosgarren minutuan iritsi da goizeko lehenengo gola. Aidak etxekoak aurretik jartzea lortu du areaz kanpoko jaurtiketa bati esker. Hortik gutxira berdindu du partida talde txuri-urdinak: Etxezarretak buruz errematatu du Nuriak ateratako korner bat eta baloiak sareetan amaitu du. Hortik aurrera, Natalia Arroyorenak partidan nagusi izatea lortu dute, baina area ertzean lapurtutako baloi bat aprobetxatuz berriro ere aurretik jarri dira markagailuan eibartarrak Arolaren golari esker. Minutu batzuk geroago, Emmak berdinketaren gola izan du bere oinetan, baina jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. Hala ere, hurrengo jokaldian Amaiurrek ez du barkatu. Franssiren pase on bati esker area barruan sartu eta etxekoen atezaina gainditzea lortu du aurrelari donostiarrak. Beraz, bi eta bikoarekin amaitu da lehenengo zatia.

Derbietan gertatzen den bezala, bigarren zatia ere oso lehiatua izan da. Lehenengo minutuetan bi taldeak saiatu dira hirugarren gola sartzen, baina ez dute izan aukera garbirik. Berrogeita hamalaugarren minutuan iritsi da txuri-urdinen lehenengo aukera arriskutsua: Franssiren erdiraketa Emmak errematatu du baina bere jaurtiketa desbideratu egin da. Natalia Arroyoren taldeak aurrera egin du, hirugarren golaren bila, eta helburua lortu dute. Mirarik buruz errematatu du Nuriak jaurtitako falta eta bi eta hirukoa egitea lortu du.

Horrela, txuri-urdinek derbi gipuzkoarra irabazi eta hiru puntuak eskuratu dituzte urteko azken-aurreko irteeran. Eta era berean, sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen dute, urte zoragarria egiten ari da Natalia Arroyoren taldea. Datorren asteazkenean beste euskal derbi bat jokatuko dute, kasu honetan Deportivo Alavesen aurka. Aurrera Reala!

 

Fitxa teknikoa:

SD Eibar: Malena, Elba Verges, Arene (Sheila, min. 77), Aida Steve, Miriam Rodriguez, Ruth Alvarez, Honoka (Queralt, min. 66), Noko, Ane Campos, Arola. A (S. Navarro, min. 84) eta Kundananji.

Real Sociedad: Elene, Emma (Mirari, min. 71), Etxezarreta, Tejada, Izarne (Iraia, min. 88), I. Arnaiz, Gemma (Allegra, min. 71), Gaby (Maddi, min. 88), Amaiur, Nuria R. eta Franssi.

Golak: 1-0: Aida Esteve, min.7; 1-1: Etxezarreta, min. 17; 2-1: Arola. A., min. 24; 2-2: Amaiur, min.32; 2-3: Mirari, min. 73.

Epailea: Cebollada Lopez. Txartel horia atera dio etxeko Nokori.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!