Realak merezimendu osoz irabazi dio Athletic Clubi Reale Arenan jokatutako euskal derbian. Lavogezek bosgarren minutuan sartutako golak hiru puntu garrantzitsu lortzeko balio izan du, nahiz eta emaitza handitzeko abagune asko izan.
Partida ezin hobeto hasi da. Lavogezek, areaz kanpotik egindako eskuinkada batekin, txuri-urdinak aurretik jarri ditu markagailuan. A ze gola. Handik gutxira, Nereak, frantziarraren erdiraketa baten ostean, bigarrena gertu izan du desbideratuta joan den burukada batekin. Zuri-gorrien iritsiera bakarrenetariko batean, Elexpuruk, Azkonaren erdiraketa baten ondoren, berdinketa lortzeko aukera izan du, baina bere errematea langa gainetik joan da. Kanpokoak 10 jokalarirekin geratu dira ordu erdia bete aurretik, Oguizak Andreiari iletik heldu ostean. Lehen zatiko azken txanpan, txuri-urdinek bi aukera on izan dituzte Amaiurren eta Lavogezen bitartez garaipena bideratzeko, baina ez dute asmatu.
Donostiarren nagusitasuna bigarren zatian mantendu da eta aukerak bata bestearen atzetik iritsi dira. Lavogezek berriz ere gertu izan du gola, area barruan egindako jaurtiketarekin, baina Adrianak bere saiakera aldaratu du. Nerea ere area barrutik saiatu da, baina kanpoko taldeko atezainak bere jaurtiketa geldizea lortu du. Lavogezek, Franssiren pase bat jaso ondoren, beste aukera bat sortu du. Adrianak aukera hori ere aldaratzea lortu du. Azken minutuetan baloi jabetza izan du talde txuri-urdinak, partidaren emaitza mantenduz.
Garaipen oso garrantzitsua derbia bezalako partida berezi batean. Talde donostiarra laugarren postuan mantentzen da hiru puntu hauekin. Hurrengo asteburuan Real Madrid hartuko du Zubietan. Aupa Real!
Ficha teknikoa:
Real Sociedad: Lete, Emma, Apari (V. Quiles, min. 68), Vanegas, Lucía, Andreia, Cahynová, N. Eizagirre (kap.), Lavogez (E. Guridi, min. 85), Amaiur (L. Pardo, min. 62) eta Franssi (Mirari, min. 85).
Athletic Club: A. Nanclares, Elexpuru, L. Baños, Maddi (Landaluze, min. 96), S. Ortega, M. Zubieta, Oguiza (kap.), Azkona (Valero, min. 46), Pinedo (Agote, min. 68), J. Amezaga (Nerea Nevado, min. 68) eta Nahikari (Sanadri, min. 83).
Gola: 1-0: Lavogez, min. 5
Epailea: Sánchez Miguel. Etxeko Emmari erakutsi dio txartel horia. Kanpoko Oguizari txartel gorri zuzena erakutsi dio (min. 29).
Asistentzia: 12.425 ikusle.