REAL SOCIEDAD 2-1 SD EIBAR

Emaitzari buelta eman eta beste hiru puntu

Vídeo

Txuri-urdinek bi eta bat gainditu dute SD Eibar Zubietan jokatutako partidan. Realak markagailuari buelta ematea lortu du, nahiz eta partidaren zati handi batean azpitik joan. Txuri-urdinek ez diote sinesteari utzi eta hiru puntuak lortu dituzte derbi gipuzkoarrean Gemma eta Nerearen golei esker. Emaitza honekin Reala garaipenaren bidera itzuli da.

Emozio handia derbi gipuzkoarrean. Zubietak partida hasiera zirraragarria bizi izan du. Bi taldeak markagailua irekitzeko helburuarekin zelairatu dira eta partidako lehen abagunea berehala iritsi da. Aida Estevek kanpokoak aurreratu ahal izan ditu, baina Elene Letek bere jaurtiketa gelditu du arazorik gabe. Realaren erreakzioa ezin hobea izan da, eta hurrengo jokaldian Amaiur arriskuz hurbildu da Noeliaren ate ingurura. Hortik gutxira, Franssik markagailua estreinatu ahal izan du, baina jaurtiketa desbideratuta joan zaio. Kanpokoek ere euren aukerak izan dituzte, baina Letek armaginen gola eragotzi du buruz burukoan. Ordu erdia igarota, Eibar izan da goizeko lehen gola lortu duena, Kundananji aurrelariaren golari esker. Txuri-urdinek ez dituzte besoak jaitsi eta lehen zatiaren amaieran jokoan nagusi izan eta arriskuarekin hurbildu dira aurkariaren ate ingurura. Amaiur eta Nerea, bi jokaldi ezberdinetan berdinketako gola sartzetik gertu egon dira, baina euren jaurtiketak gutxigatik joan dira kanpora. Markagailua gorabehera, sentsazio onak bigarren zatia hasi aurretik.

Hasieran, kanpokoak gertu egon dira markagailuko aldea handitzeko kontraerasorako jokaldi baten ondoren, baina Carla Moreraren jaurtiketa gutxigatik joan da. Realak estutzen jarraitu du golaren bila. Bigarren zatiaren erdialdean, Manu Vanegasek gol aukera argia izan du, baina Noeliak berdinketa eragotzi du. Realak ez ditu ahaleginak eten eta horrela iritsi da berdinketa, Gemmak area kanpotik sartutako golari esker. Golaren ostean, Natalia Arroyorenek aurrerapausoa eman dute markagailuari buelta eman eta garaipena emango zien gola lortzeko asmoz. Horrela, Nerea Eizagirrek, luzapenean, garaipenaren gola sartu du areaz kanpoko jaurtiketa izugarri bati esker.

Taldeak inoiz ez dio sinesteari utzi, eta bikain eman diote buelta emaitzari. Nahiz eta partidaren zati handi batean markagailuan azpitik joan, Natalia Arroyoren taldeak azken minutura arte borrokatu du eta, horrela, hiru puntuak etxean geratzea lortu du. Taldearen lan izugarriari esker, lau jardunaldiren ondoren berriz ere garaipenarekin topo egitea lortu dute txuri-urdinek. Erritmoa ez dadila gelditu! Aurrera Reala!

 

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Lete, Emma (Mirari, min. 80), Etxezarreta, Vanegas, Izarne (Nuria R. min. 27), I. Arnaiz, Gaby G., N. Eizagirre, Amaiur (Allegra, min. 60), Jensen (Gemma, min. 60) eta Franssi.

SD Eibar: Noelia, Ane Campos, Elba Verges, Noko, Ruth, Natalia Rose (Sheila, min. 69), M. Llompart (Ane Perez, min. 85), Aida Esteve (Arene, min. 65), Carla Morera, Kundananji eta Carmen (Queralt, min. 86).

Golak: 0-1: Kundananji, min. 30, 1-1: Gemma, min. 81, 2-1: N. Eizagirre, min. 91.

Epailea: Espinosa Ríos. Txartel horia atera die kanpoko Natalia Rose, Elba Verges eta Arene Altonagari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!