Sansek bi eta bat galdu du Celta Fortunaren aurka gaur arratsaldean Abanca Balaidosen. Txuri-urdinak ez dira fin ibili eta punturik gabe itzuli dira Vigotik azken minutura arte borrokatu arren.
Neurketaren lehen minutuak intentsitate handikoak izan dira. Donostiarrek markagailuan aurretik jartzeko aukera izan dute, baina Peru Rodríguezen burukada gora joan da gutxigatik. Galiziarrak norgehiagokaren hasieran nagusi izan dira eta Óscar Marcosen burukada bati esker lehen gola egin dute, zutoinean jo eta Fragaren bizkarrean errebotatu ostean. Gipuzkoarrek erreakzionatu egin dute baina ez dute gol-aukera garbirik izan. Gure filiala partidaren momentu onenean zegoela, Vigoko taldeak abantaila handitu du Angelitoren gol batekin, baloia berreskuratu ondoren. Atsedenaldiaren atarian, Ruperezek kanpoko taldearen lehen gola sartzeko aukera izan du, baina bere jaurtiketak zutoinean jo du.
Bigarren zatian, Sergio Franciscoren taldea martxa bat gehiago sartzen saiatu da. Mariezkurrenak, zelaira sartu berritan, aldea murrizteko abagunea izan du, baina ez du asmatu Marc Vidalen aurrean. Hortik aurrera, neurketa lasaitu egin da eta ez da ia aukerarik egon. Amaierarako gutxi falta zenean, Mariezkurrena area barruan erori da eta epaileak penaltia adierazi du. Astigarragako jokalariak ez du huts egin hamaika metroetatik, eta partidan sartzeko aukera eman die txuri-urdinei. Azken minutuetara arte saiatu arren, ez da saririk egon.
Sansek Ez du lortu lehen itzuli bikaina garaipenarekin ixtea. Hala ere, bigarren mailara igotzeko playoff postuetan jarraitzen dute. Datorren astean Zubietara itzuliko dira Gimnàstic de Tarragonaren aurka jokatzeko.
Fitxa teknikoa:
Celta Fortuna: Marc Vidal, Sergio Díez (Gavián, min. 71), Gael Alonso (kap), Yoel Lago, Garriel (Manu F., min. 46), Tincho, M. Román, Burcio, Johan (Barreiros, min. 81), Angelito (J. Escobar, min. 61) eta Óscar Marcos (Antañón, min. 71).
Sanse: Fraga, Rupérez, Beitia, P. Rodríguez (kap), Balda, Carbonell (Mariezkurrena, min. 46), Lebarbier, M. Rodríguez (E. García, min. 61), Goti (Agote, min. 61), Marchal (Ramírez, min. 61) eta Orobengoa (J. Gorosabel, min. 71).
Golak: 1-0: Fraga (b.a.), min. 17. 2-0: Angelito, min. 37. 2-1: Mariezkurrena (pen.), min. 89.
Epailea: García Gómez. Txartel horia erakutsi die etxeko Sergio Díez, Gael Alonso, Burcio eta Tinchori eta kanpoko Beitia, M. Rodríguez, Lebarbier, Rupérez eta Baldari.