Realak larunbat honetan, irailaren 13an, hitzordu berezia izango du Liga F Moeve-n: Zubietako estadio berrian jokatuko duen lehen partida ofiziala, Sevilla FC taldearen aurka, 12:00etan hasita.
Txuri-urdinak ahozapore onarekin iristen dira, DUX Logroñoren aurka azken minutuko graipena lortu baitzuten pasa den astean. Garaipen horrek taldea indartu du, hori dela eta ilusioz beterik ekingo diote etxean estreinaldiari, zaleekin berriz bat eginez, gotorleku bihurtu nahi duten eszenatokian.
Ez dute lan erraza izango. Aurreko jardunaldian ez bazen ere bere onenean aritu, Sevilla FC talde arriskutsua da, kalitate eta baliabide nahiko dituena edonor estutzeko. Hortaz, neurketa honek Realak etxean duen segurtasuna agertzeko gaitasuna nolakoa den jakiteko balioko die.
BIGARREN TALDEA
Aitor Resenderen gidaritzapean, bigarren taldeak ere jardunaldi berezia biziko du asteburu honetan. Madrilen, Atlético Madrid C-ren aurka lortutako berdinketaren ondoren, etxean estreinatuko dira oraingoan, gainera, derbi garrantzitsu batekin.
Aurkaria Athletic Club B izango da, eta igande honetan, irailaren 14an, 19:00etan bisitatuko du Zubieta. Donostiarrek gogotsu ekingo diote neurketari, denboraldiko lehen garaipena lortzeko nahiarekin, eta derbiak beti dakarren motibazio bereziak are gehiago indartuta.