Realak historia egin du berriro. Duela lau urte lehen aldiz lortu ondoren, txuri-urdinek Europan jokatuko dute berriz ere, gaur goizean Riazorren Deportivo Abanca mendean hartu eta gero (1-2). Donostiarrek denboraldi aparta egin dute hasieratik eta UEFA Women's Champions League txapelketarako txartela ematen duen hirugarren postua ziurtatu dute. Izugarria.
Partida maldan gora jarri da hasi eta berehala. Barbarak, lehen minutua bete aurretik, Coruñako taldea aurreratu du area kanpotik jaurtitako eskuinkada eder batekin. Etxekoek arriskua sortu dute kontraerasoan eta horietako batean bigarrena egin ahal izan dute, baina Arrulak Pizarroren errematea desbideratzea lortu du. Txuri-urdinak norgehiagokaren pisua eramaten saiatu dira, iritsiera ugari pilatuz eta sarritan aurkariaren areara iritsiz, baina abagune argirik sortu gabe. Bakarrenetako bat, Paula Fernandezek area aurrealdetik gurutzatutako erremate on bat izan da, zutoin ondotik kanpora joan dena. Lehen zatiko azkena etxekoek izan dute beste kontraeraso batean, Ainhoak langa gainetik bidali duen eskuinkada batekin.
Bigarren zatiaren hasiera oso desberdina izan da. Oraingoan donostiarrak izan dira jo dutenak partida berriro hasi eta berehala: Emmaren erdiraketa eskuinetik, Nereak baloia bere hanken artean pasatzen utzi du eta Paula Fernandezek, erremate gurutzatu bikain batekin, lehia berdindu du. Txuri-urdinen hasiera onaren ondoren, Pizarroren area kanpotik egindako erremate indartsu batekin erantzun dute coruñarrek. Eskerrak. Amaierarako hogei minuturen faltan eta lehen golaren antzeko jokaldi batean, gipuzkoarrek markagailuari buelta ematea lortu dute bigarren golarekin: Emmaren erdiraketa berria eskuinetik eta Ceciliak baloia ezkerrarekin gurutzatu eta sare barrura bidali du. Emaitza iraulita, donostiarrek sufritzen jakin dute azken txanpan, garaipenari eutsi eta funtsezko hiru puntu lortzeko.
Modu ezin hobean amaitzen den denboraldi historikoa. Hirugarren postu bikain bat (eta oraindik bigarrena izan daiteke, nahiz eta Real Madrdlek hiru puntuko aldea duen), datorren denboraldian Europan jokatzeko balio duena. Aurreko norgehiagoka gaindituz gero, UEFA Women's Champions League jokatuko genuke eta, lortzen ez bada, UEFA Women's Europa Cup txapelketan parte hartuko genuke. Beraz, Europa bai ala bai. Datorren larunbatean Zubietan ospatuko dugu Granadaren aurkako norgehiagokan. Gozatzera. Aupa Real!
Fitxa teknikoa:
Deportivo Abanca: Inês Pereira, S. Ortiz (L. Rivas, min. 85), Barth, Raquel G. (kap.), Monteagudo (P. Novo, min. 73), Lucía (Elena, min. 85), Paula G., Olaya, Ainhoa M. (Lía, min. 90+3), Bárbara (Marisa, min. 73) eta E. Pizarro.
Real Sociedad: J. Arrula, Emma (Florentino, min. 72), Lucía, Apari, Moraza, Aiara (Soroa, min. 78), P. Fernández, Cahynová, N. Eizagirre (kap.) (L. Pardo, min. 78), Cecilia (Intza, min. 72) eta Mirari (Lavogez, min. 72).
Golak: 1-0: Bárbara, min. 1; 1-1: P. Fernández, min. 47; 1-2: Cecilia, min. 71.
Epailea: Elena Peláez. Txartel horia erakutsi die etxeko Paula G., S. Ortiz, Monteagudo eta Barthi eta kanpoko Lavogezi.
Disfruta de tu nuevo carnet digital
Zure informazioa eta datuak konsultatu edo aldatu
Zuretzat bakarrik ekintza eta promozio bereziak
Zozketak, sariak, 360 bideoak, etabar
Gure taldeen eta jokalarien estatistikak
Gure artxibo historikoa kontsulta egin
Audioak, postalak, posterrak eta aldizkariak jeisteko prest.
Zure argazkia taldearekin