REAL BETIS 0-3 REAL SOCIEDAD

Eutsi eta garaitu egiten dute

Vídeo

Realak huts eta hiru hartu du mendean Real Betis Sevillara egin duen bisitan, eta etxetik kanpo hiru puntuak lortu ditu berriro. Emaitza honekin, gipuzkoarrek bigarren garaipena jarraian lortu dute ligan eta garaipenaren bidea berreskuratu dute. Txuri-urdinek sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen dute eta denboraldi historiko honetan. Beste behin ere, ondo irakurri dute norgehiagoka eta lan bikaina egin dute.

Tentsio handikoa izan da partidaren hasiera. Asantewaa etxeko aurrelariak lehen abagunea izan du lehen minutuan. Handik gutxira, Elenek partidako lehen gola eragotzi du Ana Gonzalezen jaurtiketa gelditu ostean. Realak azkar gainditu du etxekoen hasiera indartsua eta aurrerapausoa eman du. Partidako 17. minutuan Nerea Eizagirrek kanpokoak aurreratu ditu 11 metrotik, Amaiurri egindako penaltiaren ondorioz. Berriz ere, kapitainak ez du hutsik egin penalti puntutik. Golaren ondoren, 35. minutura arte, bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik izan. Lehen zatiko azken txanpan etxekoek aurrerapausoa eman dute eta Elene izan da berdinketa eragotzi duena Angela Sosaren jaurtiketa aldenduta. Handik gutxira, Real Betisen berdinketa eragotzi du berriro atezain txuri-urdinak. Azkenean, huts eta batekoarekin amaitu da lehenengo zatia.

Bigarren zatiaren hasieran, etxekoek lehen zatiko azken minutuetako ildo bera jarraitu dute, lehia berdindu nahian. Hala ere, eta Realeko atera behin baino gehiagotan hurbildu diren arren, ez dute arrisku aukerarik sortu. Bestalde, txuri-urdinek defentsan lan handia egin dute eta partida irakurtzen jakin dute, baloiaren kontrola izaten saiatuz gol aukerak sortzeko. Horrela, bigarren zatiko 20. minutuan, partidako bigarren gola iritsi da. Amaiurrek aldea handitu du markagailuan Nuriaren erdiraketa sare barrura bidalita, Nerea Eizagirrek falta jaurtiketa egin ostean. Minutu batzuk geroago, Jensenek huts eta hiruko erabakigarria sartu du, Nuriak jaurti duen erdiraketa aprobetxatuz. Realak bigarren zati bikaina jokatu du eta erabakigarriak izan dira ate aurrean.

Bigarren garaipena jarraian ligan eta sentsazio oso onak. Natalia Arroyoren neskek hiru puntuak eskuratu dituzte berriro ere, helburura gehiago hurbilduz eta denboraldi izugarri bat eginaz. Partidaz partida, maila bikaina erakusten ari dira txuri-urdinak. Jarrai dezala erritmoak! Aurrera Reala!

 

Fitxa teknikoa:

Real Betis: Thalmann, Leon (Matilde, min. 85), Valle (Laura Moreno, min. 81), Dorine, Medina, Ana G. (Paula, min. 81), Angela Sosa (kap.), Eva Llamas, Asantewaa (Da Eira, min. 77), Mari Paz eta Babajide (Nuria, min. 81).

Real Sociedad: Lete, Emma, Etxezarreta (Tejada, min. 85), Vanegas, Nuria R., I. Arnaiz (Viles, min. 85), Gemma, Gaby G., Amaiur (Mirari, min.77), N. Eizagirre (kap.) (Allegra, min. 77) eta Franssi (Jensen, min. 68).

Golak: 0-1: N. Eizagirre, min. 17; 0-2: Amaiur, min. 68; 0-3: Jensen, min. 71.

Epailea: Suarez Gonzalez. Txartel horia erakutsi die etxeko Medina eta Ana Gonzalezi eta kanpoko Gemmari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!