CD LUGO 1-0 SANSE

Ez du sartu nahi izan

Vídeo

Sansek bat eta huts galdu du Lugoren aurka gaur arratsaldean Anxo Carron. Txuri-urdinek neurketa hasi eta gutxira jaso dute gola eta ezin izan dute punturik lortu nahiz eta horretarako merituak egin dituzten.

Hasiera parekatu baten ondoren, etxekoek aurrea hartu dute markagailuan Raulen ezkerkada gurutzatu baten bitartez. Donostiarrek Baldaren jaurtiketa batekin erantzun dute, Marcosek gelditu duena. Ondoren, Astiazaranek ez du garbi errematatu buruz burukoan eta kanpora bidali du baloia. Lugoarrek abantaila handitzeko aukera paregabea izan du Raulek langan jo duen jaurtiketa batean. Atsedenaldira bat eta hutsekoarekin iritsi aurretik, gure filialarentzat beste bi aukera argi: lehenengoa, Lizancosek marra gainetik atera duen Mikel Rodriguezen aldaratzea, eta bigarrena, Carbonellek zutoinera jaurtitako erremate bat.

Bigarren zatian, gipuzkoarrek nagusi izaten jarraitu dute eta berdinketaren bila atera dira. Carrerak gertu izan du korner batean gora bidali duen burukada batekin. Galiziarrak ondo defendatu dira eta arriskua sortzen saiatu dira kontraerasoen eta geldikako jokaldien bidez. Azken txanpan, donostiarrek aurrerapausoa eman dute eta gola aurkitu dute Eder Garciaren burukada batekin, baina narrazainak baliorik gabe utzi du jokoz kanpo eztabaidagarri bat adierazi ondoren. Luzapenean, eta lehen zatian gertatu den bezala, kanpokoek bi abagune garbi izan dituzte: lehenengoan, argienean, Peru Rodriguezek ezkerrarekin errematatu du Gorka Gorosabelen pasea, baina Marcosek geldiketa ikusgarri batekin erantzun dio. Azken minutuan, Marcosek berak zailtasunekin gelditu du Ramirezen urruneko jaurtiketa. Gaur baloiak ez du sartu nahi izan.

Porrota Sanserentzat nahiz eta berdinketa edo zerbait gehiago lortzeko merituak egin. Txuri-urdinek, hala ere, laugarren postuan jarraitzen dute eta playoff postuetan sendo mantentzen dira. Datorren astean Unionistas hartuko dute Zubietan.

Fitxa teknikoa:

CD Lugo: Marcos, Lizancos, J. Rodríguez, Erik (kap.), Zoilo (Marcos S., min. 86), Dani Vidal, Ceberio (M. Ochoa, min. 77), R. Martínez (Pedro P., min. 86), G. Perero (Jorge G., min. 45+6), Jon Cabo (N. Reniero, min. 77) eta Raúl.

Sanse: Fraga, Rupérez, P. Rodríguez (kap.), Lebarbier, Balda (Astigarraga, min. 60), Carbonell, E. García (Gibelalde, min. 84), Astiazaran (Ramírez, min. 72), M. Rodríguez, Marchal (G. Gorosabel, min. 72) eta Carrera (Soroeta, min. 72).

Gola: 1-0: Raúl, min. 14.

Epailea: García Gómez. Txartel horia erakutsi die etxeko Zoilo, Erik, Jorge G., Dani Vidal eta Lizancosi eta kanpoko Baldari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!