VILLARREAL CF 1-2 REAL SOCIEDAD

Final-laurdenetara

Vídeo

Realak Erreginaren Kopako final-laurdenetarako txartela lortu du Villarreal CFri bat eta bi irabazita. Nerea Eizagirre gure kapitainaren bi golek eta Natalia Arroyorenen partida bikain batek hurrengo kanporaketarako sailkatzea ahalbidetu diete gipuzkoarrei. Realak ostiralean ezagutuko du bere aurkaria.

Kanpokoek ezin hobeto ekin diote partidari. Nerea Eizagirrek aurretik jarri ditu txuri-urdinak penalti puntutik partida hasi eta berehala. Kapitainak 11 metrotik ez du hutsik egin eta baloia sare barrura bidali du. Golaren ostean, etxekoek aurrerapausoa eman dute berdinketaren golaren bila, baina Realak lan bikaina egin du defentsan. Villarreal bere minuturik onenak lehiatzen ari zenean iritsi da txuri-urdinen bigarrena. Nerea Eizagirrek ez du zalantzarik izan, eta baloia lapurtu eta Franssirekin pareta ona egin ondoren, bikain errematatu du T. Alonsoren aurka. Lehen zatiko azken minutuetan Reala hirugarrena egiten saiatu da, baina kanpokoek ez dute markagailua handitzea lortu. Horrela, zero eta biko markagailuarekin amaitu da Erreginaren Kopako final-zortzirenetako partidako lehenengo zatia. Sentsazio onak bigarren zatiari begira.

Lehenengo minutuetan, etxekoak Elene gure atezaina ezustean harrapatzen saiatu dira, area kanpotik egindako jaurtiketa arriskutsuren batekin. Hala ere, Villarrealek ez du markagailuan aldea murriztea lortu. Minutuek aurrera egin ahala, txuri-urdinak berriz ere nagusi izaten hasi eta hirugarren golaren bila joan dira. Franssik aukera garbiena izan du area kanpotik egindako jaurtiketa baten bidez, baina gutxigatik joan da kanpora. Minutu batzuk geroago, atezainak hirugarren gola eragotzi du, Jensenen jaurtiketari erantzun bikaina emanda. Villarrealen abagune argiena 70.ean iritsi da, baina Eleneren esku-hartze bikain batek bat eta bikoa eragotzi du. Etxekoek estutzen jarraitu dute eta horrela iritsi da lehenengoa. Sheilak 11 metrotik lortu du markagailuko tartea murriztea. Gola jaso arren, Realak ofizioz jokatu du eta ahalik eta modu eraginkorrenean lehiatu ditu azken minutuak Villarrealen etxean final-laurdenetarako sailkapena lortzeko.

Garaipena eta Erreginaren Kopako final-laurdenetara. Arratsaldea ezin hobeto bukatu dute gipuzkoarrek, partida on bati esker hurrengo kanporaketarako txartela lortu baitute. Txuri-urdinek ostiralean 13: 00etan egingo den zozketan ezagutuko dute euren aurkaria. Jarrai dezala ametsak! Aurrera Reala!

 

Fitxa teknikoa:

Villarreal CF: T. Alonso, Olivia (Nerea, min 46.), I. Miguelez (Y. Jimenez, min. 63), Pinel S. (Ainoa, min. 63), Zaira, F. Lara, Bea Prades, Tere (Sheila, min. 73), Belen, Estefa (Cienfu, min. 84) eta Lara Mata (kap.).

Real Sociedad: Elene, Emma, Etxezarreta, Vanegas, Izarne, I. Arnaiz, Gaby G., N. Eizagirre (Gemma, min. 71) (kap.), Amaiur (Allegra, min. 92), Jensen (Mirari, min. 67) eta Franssi. 

Golak: 0-1: N. Eizagirre (p.), min. 2; 0-2: N. Eizagirre, min. 24; 1-2: Sheila (p.), min. 84

Epailea: Muñoz Di Giovambattista. Txartel horia atera die kanpoko Jensen, Vanegas, Izarne eta I. Arnaizi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!