REAL SOCIEDAD 3-0 DÉPOR ABANCA

Garaipen bikaina

Realak garaipen bikaina lortu du gaur goizean Zubieta Estadioan Depor Abancari merezimendu osoz irabazita (3-0). Lucia Pardok, Emmak eta Cahynovak sartutako golak bigarren zatian iritsi dira, lehenengoan aukera ugari izan dituzten arren, eta, horiei esker, donostiarrek hiru puntu batzen dituzte hirugarren postua sendotzeko.

Txuri-urdinak jaun eta jabe izan dira lehen zatian, gol bat behintzat sartzeko aukera ugari izan baitituzte. Lehena Emmaren eskuinkada baten bidez iritsi da, atezainak geldiketa bikain batekin urrundu duena. Luciak ere berea izan du ezkerkada gurutzatu batekin, baina oso gutxigatik kanpora joan da. Ednak, nola ez, onenetako bat izan du zutoinean jo duen burukada batekin. Argiena Emmarena izan da, baina baloia lehertu nahi izan du eta langak uxatu egin du. Azkena Ednaren bitartez iritsi da, baina, enegarren aldiz, langak donostiarren gola eragotzi du. Ulertezina atsedenaldiko emaitza.

Gipuzkoarren nagusitasunak aldageletatik igaro ondoren jarraitu du eta, lehen jokaldian, oraingoan bai, gola iritsi da: Aiarak bigarren zutoinean jartzen duen baloia eta Lucia Pardok, markarik gabe, ez du barkatzen sare barrura bultzatzeko. Abaguneak Andreia, Intza eta abarren bitartez iristen jarraitu dute. Azkenean, Emma izan da garaipena bideratu duena bigarren golarekin, portugaldarraren asistentzia ederra aprobetxatuz. Azken txanpan, Cahynovak norgehiagoka erabakita utzi du area barruan baloi bat errematatu ostean, Apariren asistentzia onari esker.

Hiru puntu oso garrantzitsu denboraldia etxean ixteko eta urtea hirugarren postu pribilegiatu batean amaitzeko. Orain, datorren asteburuan, 2025a Erreginaren Kopako final-zortzirenekin agurtuko da, hain zuzen ere, Depor Abancaren aurka Coruñan. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: A. Estensoro, Emma (Arola A., min. 73), Lucía, Apari, Moraza (kap.), Aiara, P. Fernández, Andreia (Cahynová, min. 83), L. Pardo (N. Eizagirre, min. 73), Intza (E. Guridi, min. 83) eta Edna (Mirari, min. 89).

Dépor Abanca: Inés Pereira, S. Ortiz, Barth, Raquel G. (kap.), Vera, Lucía (Bárbara, min. 76), Paula G., Redru (M. Artero, min. 61), Olaya (Lía, min. 83), Ainhoa M. y Millene (L. Rivas, min. 76).

Golak: 1-0: L. Pardo, min. 47; 2-0: Emma, min. 64; 3-0: Cahynová, min. 87.

Epailea: Paola Cebollada. Txartel horia erakutsi die etxeko Arola A.-ri eta kanpoko Lucía eta Redruri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!