SPORTING DE HUELVA 1-2 REAL SOCIEDAD

Geroz eta gertuago

Vídeo

Realak hirugarren garaipena jarraian lortu du, Sporting de Huelvaren aurka 1-2 irabazi ostean. Txuri-urdinek hiru puntuak lortu dituzte berriro ere eta geroz eta hurbilago dagoen amets horretara hurbiltzen ari dira. Natalia Arroyoren taldeak ez du hutsik egin, eta sailkapenaren bigarren postuan jarraitzen du liga amaierarako bost jardunaldiren faltan.

Partida ezin hobeto hasi da txuri-urdinentzat. Hasieratik Reala jokoan nagusi izan da Chelsearen ate ingurura arriskuarekin hurbilduz. Horrela, partidako 5. minutuan, Franssik Gabyren atzeko pasea aprobetxatu du markagailua irekitzeko, area ertzetik egindako jaurtiketa on bati esker. Hala ere, etxeko taldeak berehala erreakzionatu du eta ordu laurdena pasata, Anita Marcosek berdinketa egin du Hannah Keanen erdiraketa bat errematatuz. Berdinketaren ostean, Natalia Arroyorenak partidaren jabe izaten saiatu dira, baina ez dute arrisku handiagoarekin iristea lortu. Bestalde, etxekoek oso gogor jarraitu dute presio lan ona eginez eta kontraerasoan ezustea ematen saiatuz. Bi taldeek bigarrena egiteko eta markagailuan aurrea hartzeko ahalegina egin duten arren, lehen zatiko azken minutuetan ez dute gol aukera argirik sortu. Berdinketarekin amaitu da lehen erdia. Zapore garratz samarra gipuzkoarrentzat, partida hasi eta berehala markagailua estreinatu arren ez baitute abantaila luzaroan mantentzea lortu.

Atsedenaldiaren ostean, jaun eta jabe izan dira berriro ere txuri-urdinak. Nerea Eizagirre gure kapitainak bi aukera bikain izan ditu bigarren zatia hasi eta berehala. 48. minutuan Nereak Gabyren pasea aprobetxatu du ate barrura errematatzeko, baina Chelseak Realaren bigarrena eragotzi du. Handik gutxira berriro saiatu da, baina oraingoan area kanpotik egindako jaurtiketa gutxigatik joan zaio. Behin eta berriz saiatu da Reala. 55. minutua bete aurretik, Amaiurrek aukera bikaina izan du Chelsearen aurrean, baina langak Realaren bigarrena eragotzi du. Etxekoek ere ez dituzte besoak jaitsi eta hurrengo jokaldietan Elenek defendatutako ate ingurura hurbildu dira, arriskua sortuz. Realak hiru puntu lortu nahi zituen berriro, eta berehala suspertu da. 75. minutuan, etxekoen defentsak bigarren gola saihestu du, area barruan aldaratze batzuk izan ondoren. Handik gutxira, 82an, bat eta bikoa iritsi da. Oraingoan, Amaiurrek ez du barkatu Chelsearekin buruz burukoan, eta donostiarrak berriro aurreratu ditu txuri-urdinak. Jensenek aldea handitzeko aukera izan du, baina etxeko atezainak hirugarrena eragotzi du geldiketa on bati esker.

Hirugarren garaipena jarraian eta ametsa geroz eta gertuago dago. Natalia Arroyorenak geldiezinak izaten jarraitzen dute, lehen amets gisa ikusten zutena pixkanaka sinetsiz. Partidaz partida maila bikaina erakusten ari da Reala, eta, oraingoz, inoizko denboraldirik onena egiten ari da. Ametsetik bost partidutara! Aurrera Reala!

 

Fitxa teknikoa:

Sporting de Huelva: Chelsea, Ana Carol, V. Santana (Freja, min. 80), Cinta Costa, Mayra R., Fish, Anita Marcos (Chini, min. 74), Keane, Patri Ojeda, S. Castello (kap.) eta Edgren (Kanteh, min. 80). 

Real Sociedad: Lete, Etxezarreta (Jensen, min. 75), Tejada, Vanegas, Nuria. R, Maddi (Allegra, min. 65), Gemma, Gaby G., Amaiur (Nora, min. 90), N. Eizagirre (kap.) eta Franssi (Mirari, min. 75).

Golak: 0-1: Franssi, min. 4; 1-1: Anita Marcos, min. 16; 1-2: Amaiur, min. 81.

Epailea: Pelaez Arnillas. Txartel horia atera die etxeko Patri Ojeda eta V. Santanari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!