Sansek denboraldiko zazpigarren garaipena lortu du Gimnastica Segovianaren aurka. Etxekoek partida erabakita utzi dute hiru gol sartu dituzten 12 minutu magikori esker.
Hasiera parekatu baten ostean, Sanse aurretik jarri da Mikel Rodriguezen gol ikusgarri bati esker. Kanpoko taldeak azkar erantzun du eta Yuberok berdinketaren gola lortu du korner batean. Segoviako taldeak nagusitasun minutuak izan ditu golaren ostean eta nahiz eta hamar jokalarirekin geratu Silvaren kaleratzearen ondorioz, bigarren gola sartzeko aukerak izan ditu. Sansek ere bi aukera izan ditu atsedenaldia baino lehen, baina Orobengoak eta Ochiengek ez dute asmatu atezainaren aurrean.
Bigarren zatian Sansek beste martxa bat sartu du eta aukerak izan ditu markagailuan berriz ere aurreratzeko. Sergio Franciscoren taldeak ederki aprobetxatu du nagusitasuna eta 67. minutuan Mariezkurrenak bigarren zutoinean errematatu du Dani Diazen erdiraketa gola lortzeko. Hiru minutu geroago, Ruperezek hirugarrena sartu du areaz kanpotik egindako jaurtiketa batekin. Gotik partidako azken gola lortu du penalti bidez..
Bigarren garaipena jarraian Sanserentzat. Txuri-urdinek sailkapeneko goiko aldean mantentzen dira, eta azken partidatako sentsazio onei jarraipena emateko aukera izango dute datorren astean Lezaman, Bilbao Athletic-en aurka jokatuko duten derbian. Goazen Sanse!
Fitxa teknikoa:
Sanse: Fraga, Rupérez, P. Rodríguez (cap), Ropero (Beitia, min. 80), Agote, M. Rodríguez (Gibelalde, min. 65), Lebarbier (D. Díaz, min. 65), Goti, Ochieng (Marchal, min. 76), Orobengoa eta Mariezkurrena (E. García, min. 76).
Gimnástica Segoviana CF: Oliva, Silva, Pascual, Astray (Tellechea, min. 71), Yubero, De La Mata, Olmedilla (Ferreiroa, min. 70), Llorente, Borrego (Berlanga, min. 46), Martínez eta Gómez (H. Díaz, min. 60).
Golak: 1-0: M. Rodríguez, min. 15. 1-1: Yubero, min. 21. 2-1: Mariezkurrena, min. 67. 3-1: Rupérez, min. 70. 4-1: Goti (pen.), min. 79.
Epailea: Irurtzun Artola. Txartel horia erakutsi die kanpoko Llorente eta Ferreiroari. Silvak txartel gorria ikusi du 29. minutuan bi txartel hori jaso ondoren.