REAL SOCIEDAD 1-3 REAL MADRID

Hamar partidetan gelditu da

Realak ez du punturik lortu gaur arratsaldean Real Madrilen aurkako partidan. Txuri-urdinek bat eta hiru galdu dute talde madrildarraren aurka, nahiz eta gehiago merezi izan duten. Emaitza honekin Realak amaiera eman dio hamar partida porrota ezagutu gabeko bolada ezin hobeari.

Partida hasiera zaila izan da txuri-urdinentzat Zubietan. Real Madridek aurrea hartu du markagailuan hirugarren minutuan. Estherrek baloia atetik gertu errekuperatu eta Leteren aurrean ez du barkatu. Hala ere, Natalia Arroyorenek ez dute besoak jaitsi eta partidaren nagusitasuna bereganatzen hasi dira. Horrela, lehenengo gol aukera garbia Vanegasek izan du, baina bere falta jaurtiketa oso gutxigatik joan da kanpora. Lanean jarraitu du Realak, eta hortik gutxira Irisek izan du txuri-urdinen lehenengo gola sartzeko aukera, baina bere jaurtiketa langa gainetik joan da. Atsedenaldira iritsi aurretik Amaiurrek izan du gipuzkoarren lehenengo zatiko azken aukera, baina aurrelari donostiarrak ezin izan du Franssiren erdiraketa errematatu. Reala jaun eta jabe izan den arren lehen zatiko azken minutuetan, kanpokoak markagailuan aurretik joan dira aldageletara.

Atsedenalditik bueltan, Real Madridek markagailuko tartea handitu du Estherren kornerreko erremate bati esker. Eta berrogeita hemezortzigarren minutuan hirugarrena egin dute Asllaniren gol bati esker. Denboraldian zehar erakutsi duten bezala, Realak ez du amore eman, eta horrela iritsi da arratsaldeko lehenengo gola: Gabyren jokaldi eder baten ostean Franssik baloia errematatu eta sareetara bidali du. Nerea Eizagirrek tartea txikitzeko aukera izan du, baina atezainak, zailtasun askorekin, gure kapitainaren falta jaurtiketa desbideratzea lortu du. Realak arriskuarekin gerturatzen jarraitu du madrildarren atera, baina ezin izan dute markagailua berdindu, eta beraz, hamar partidaren ostean lehenengo porrota jasan dute.

Emaitza honekin Realak amaitutzat eman du azken partidetan bizi izan duen bolada izugarria. Hala ere, Natalia Arroyoren taldeak ez dio aurpegia kendu partidari eta amaieraraino borrokatu dute. Txuri-urdinek Atletico de Madriden bisita jasoko dute asteburuan Zubietan. Buruak gora! Aurrera Reala!

 

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Elene, Emma, Etxezarreta (Maddi, min. 70), Vanegas, Nuria R., I. Arnaiz, N. Eizagirre, Gaby (Jensen, min. 75), Gemma (Allegra, min. 62), Amaiur (Mirari, min. 84) eta Franssi.

Real Madrid: Misa, K. Robles (Lucia, min. 88), Peter, Ivana, Svava, Teresa (Claudia, F. min 89), Kaci (Athenea, min. 78), M. Oroz (Olga, min. 78), M. Cardona (Asllani, min. 53), Møller eta Esther.

Golak: 0-1: Esther, min. 3; 0-2: Esther, min. 48; 0-3: Asllani, min. 58; 1-3: Franssi, min. 66

Epailea: Gonzalez Gonzalez. Txartel horia erakutsi die etxeko Etxezarretari eta kanpoko Peter, Kaci eta Estherri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!