Realak Europako aukera guztiekin amaitu du gaur gauean Celta de Vigoren aurka huts eta bat galdu ostean. Talde txuri-urdinak ez du porrota merezi izan, baina denboraldi honetan ez du errukirik izan, aurkaria baino hobea izan arren, galtzaile atera den taldearekin, birtualki datorren denboraldirako Europako aukerarik gabe geratuz.
Neurketa Borja Iglesiasen abagune ezin argiago batekin hasi da. Aurrelariak gehiegi gurutzatu du baloia. Realak presio ona egin die Vigokoei, baloia laster berreskuratuz, baina, azkenaldian bezala, asko kostatu zaio sortzea. Oyarzabalen burukada behartu bat, korner batean, etxekoen arrisku aipagarri bakarra izan da. Lehen zatiaa amaitzen ari zenean, galiziarren erasoa azkar eta oso ondo eramanda, Alfonek Remiro gainditu du bigarren saiakeran.
Bigarren zatiaren hasieran Realak indar handiagoz bultzatu du. Marin berdinketatik gertu egon da Guaitari ia behetik ihes egin dion erremate batekin. Ez zuen merezi markagailuan behetik joatea, are gutxiago Oyarzabalen burukadak Guaitaren langan jo ostean. Geldikako jokaldietan donostiarrek aukera ugari izan dituzte berdinketa lortzeko, baina ezer ez, ez dute sartu nahi izan.
Txuri-urdinen Europako ilusioa agortzen ari da. Karanbola sinesgaitz batek bakarrik egingo luke espero ez den mirari bat. Aurrera begiratzea tokatzen da. We are Real.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad: Remiro, Traoré (Aramburu, min.60), Aritz, Zubeldia, Aihen (Javi López, min.78), Zubimendi, Marín, Brais Méndez (Sučić, in.78), Sergio Gómez (Barrene, min.60), Take eta Oyarzabal (kap).
RC Celta de Vigo: Guaita, Javi Rodríguez, Domínguez, Ristic (Lago, min.78), Ilaix, Fran Beltrán (kap), Carreira, Mingueza, Fer López (Pablo Durán, min.66), Alfon (Swedberg, min.78) eta Borja Iglesias (Iker Losada, min.78).
Golak: 0-1: Alfon, min.44.
Epailea: García Verdura. Txartel horia erakutsi die etxeko Aihen, Zubimendi eta Sučići eta kanpoko Ilaixi.
Ikusle kopurua: 25.124 pertsona.