Dagoeneko motorrak berotzen ari da eLaLiga Santander-eko laugarren denboraldia, LaLigak eta Electronic Arts-ek (EA Sports) antolatutako FIFA 21-en txapelketa ofiziala. Berrikuntzaz betetako denboraldi honetan, aurreko urteetan bezala, Reala parte-hartzaileetako bat izango da.
Yeray Zaballos (YerayZR) berriro arituko da Santanderko eLaLigan gure taldearen ordezkari moduan, baina aurten plantilla indartuko da eta beste jokalari bat izango du lagun. Tandem hori urtarrilaren 12tik aurrera jokatuko diren lehiaketetan txandakatuko da.
YerayZR-rekin gertatu zen bezala, bigarren pertsona hori online jokatzen ari den eta azaroaren 29ra arte martxan jarraitzen duen Draft batetik hautatuko da. Realarekin jokatu eta gure gamerrarekin bikotea osatu nahi baduzu, eman izena hemen azaroaren 22a baino lehen.
Berrikuntza ugari
Parte hartzen duten klubak bi taldetan banatuko dira eta 10 astez astean bitan lehiatzeko bilduko dira. Jardunaldi bakoitzak 5 txanda izanen ditu eta txanda bakoitzean 4 partida jokatuko dira aldi berean, guztira 20 partida jardunaldi bakoitzeko.
Berrikuntza nagusienetako bat partidak presentzialak izango direla da (Madrilen eta Bartzelonan), betiere osasun-egoerak horretarako aukera ematen badu eta agintariek ezarritako gomendio eta neurri guztiak betetzen badira.
Apirila iristean, eLaLiga Santanderrek geldialdi bat egingo du bere ohiko denboraldian eLaLiga Cup-arekin. Ekitaldi hau apirilaren 3an eta 4an izango da, aurrez aurre, eta momento horretan lehiaketako lehen 8 postuetan daudenek jokatuko dute. Denak lehiatuko dira txapeldun izateko eta 50.000 euroko saria irabazteko.
Etenaldi honen ostean, apirilaren 13an, ohiko denboraldiari ekingo zaio berriro. Apirilaren 21ean, 2020/21 eLaLiga Santander-eko Final Handira iritsiko diren 16 sailkatuak ezagutuko ditugu. Txapelketan aurrekaririk gabeko ikuskizun presentzial honetan irabazle bat aterako da.