Sansek jarraipena eman dio bere bolada onari, seigarren partida jarraian porrota ezagutu gabe, gaur arratsaldean bana berdindu eta gero Navalcarneroko Mariano Gonzalez zelaian. Zubeldiaren berdinketa azken minutuetan iritsi arren, txuri-urdinek nagusitasuna izan dute azken 25 minutuetan.
Gipuzkoarrak ondo irten dira partidara. Gazteak azkar moldatu dira zelaira eta bere estiloa jarraitu dute zailtasunak ipintzen zituen belar batean. Zubietakoek baloi jabetza bereganatu dute baloiak espaziora bidalita min egin duen talde baten aurrean. Etxekoek bat eta hutsekoa barkatu dute atsedenaldira iritsi baino lehen, Santosek huts egin du Sisniegak egindako penaltia.
Dinamika bera mantendu egin da aldageletatik bueltan, baina Navalcarneroren lehen agerraldi serioan etorri da gola. Erdiraketa ezkerretik eta Joaquinek aurretik ipini du bere taldea. Gipuzkoarren erreakzioa berehalakoa izan da. Erasora irten dira arriskuak hartuaz atzealdean eta Navalcarneroren area inguruan egon dira amaiera arte. 87. Minutuan aurkitu dute saria. Zubeldiak, jaurtiketa indartsuz, lortu du banakoa.
Imanol Alguacilen mutilak sailkapenaren erdialdean kokatzen dira 23 punturekin. Sansek, Mensajero hartuko du Zubietan urteko azken neurketan.
Fitxa teknikoa:
Navalcarnero: Lejarraga, Jaimez, Catena, Gonzalez, Jose Antonio, Alonso (Joyita, min. 81), Iglesias, Santos, Joaquin, Lucho Figueroa (Jaume, min. 73), Pereiro (García, min. 76).
Sanse: Sisniega, Odriozola, Ugarte, Le Normand, Kevin Rodrigues, Sanz (Merquelanz, min. 46), Zubeldia, Calvillo (Muguruza, min. 76), Guridi, Olaizola (Gorostidi, min. 76), Sangalli.
Golak: 1-0: Joaquin, min. 61; 1-1: Zubeldia, min. 87.
Epailea: Saez Vital. Txartel horia erakutsi die etxeko Joaquin, Alonso eta Jose Antonio, eta kanpoko Sisniegari.
Imanol Alguacil: “Lanak bere saria izan du”
Imanol Alguacil pozik agertu da Navalcarneron lortutako berdinketarekin. “Lanak bere saria izan du, azken 25 minutuak gureak izan dira eta taldeak berdinketa merezi izan du”. Tekniko txuri-urdinak positiboki baloratu du “taldearen adaptazio azkarra gure jokoaren lagungarri ez zen zelai batera”.