SANSE 2-0 CELTA FORTUNA

Modu ezin hobean

Vídeo

Sansek bi eta huts irabazi dio Celta Fortunari gaur arratsaldean Zubietan. Txuri-urdinek hirugarren postuan amaitu dute liga eta Meridaren aurka jokatuko dute playoffeko lehen kanporaketa, itzulerako neurketa Zubietan izanik.

Donostiarrek intentsitate handiz ekin diote norgehiagokari eta Orobengoak aukera paregabea barkatu du hasi eta gutxira Cesarrek gelditu duen buruz burukoan. Handik gutxira, Orobengoa bera gola sartzera zihoan antzeko jokaldi batean, baina area barruan lurrera bota dute eta epaileak ez du ezer adierazi. Kanpokoen iritsiera arriskutsu bakarra De la Iglesiaren jaurtiketa batekin iritsi da, Fragak arazorik gabe harrapatu duena. Etxekoek nagusi izaten jarraitu dute eta bi aukera on izan dituzte bi kontraerasotan, baina ez dute sartzea lortu. Hala ere, atsedenaldira iritsi aurretik, ordea, Gotik bai asmatu du ezkerkada gurutzatu batekin txuri-urdinak abantailarekin jartzeko.

Bigarren zatian, galiziarrak zertxobait hobeto zelairatu dira eta berdinketa lortzeko aukeraren bat edo beste izan dute. Baina minutuek aurrera egin ahala, gipuzkoarrek aurrerapausoa eman dute eta aukera ugari sortu dituzte. Orobengoa izan da lehena saiatzen gutxigatik kanpora joan den area ertzetik egindako eskuinkada batekin. Handik gutxira, Ruperez area barruan erori da baina epaileak, berriro, ez ditu hamaika metroak adierazi. Ruperezek berak aurreko aukeraren antzeko jokaldia egin du amaiera berdinarekin. Beste hainbat saiakera batzuen ondoren, azkenean luzapenean Merinok bigarrena egin du Cesar buruz burukoan gaindituta. Emaitza honekin iritsi da partida amaierara.

Beste hiru puntu Sanserentzat liga modu ezin hobean ixteko. Txuri-urdinak moralez beteta iritsi dira playoffera. Lehen aurkaria Merida izango da, laugarren geratu baita beste multzoan. Joaneko partida datorren astean izango da Romano José Fouto Estadioan eta bueltakoa, hemendik bi astera, etxean. Goazen!

Fitxa teknikoa:

Sanse: Fraga, Rupérez, P. Rodríguez (kap.), Lebarbier, Balda (Agote, min. 77), Carbonell, Ramírez (Merino, min. 70), Goti (Carrera, min. 77), G. Gorosabel (Guibelalde, min. 70), Marchal (Astiazaran, min. 59) eta Orobengoa.

Celta Fortuna: César, G. Milla (Yoel Crespo, min. 62), Gael Alonso (kap.), Meixus (Anxo, min. 57), Joel López, Garriel (Manu F., min. 46), Antañón, De la Iglesia (Burcio, min. 80), Barreiros (Johan, min. 57), Óscar Marcos eta J. Escobar.

Golak: 1-0: Goti, min. 45; 2-0: Merino, min. 91.

Epailea: Cueto Amigo. Txartel horia erakutsi die etxeko Gotiri eta kanpoko Meixusi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!