Sansek bat eta huts galdu du gaur eguerdian Ourenseren aurka O Couton. Txuri-urdinak nagusi izan dira eta zerbait gehiago lortzeko aukerak izan dituzte, baina punturik gabe geratu dira beste behin.
Lehen zatia oso parekatua izan da, eta donostiarrak izan dira aukerarik onenak izan dituztenak. Lebarbierrek izan du lehen aukera area kanpotik egindako ezkerkada batekin, baina bere jaurtiketa Marquetak harrapatu du, kostata. Handik gutxira, Baldak gauza bera egin du, baina kanpora joan zaio errematea. Galiziarren abagune argiena Carmonak izan du, korner batean gutxigatik kanpora bidali duen burukada batekin. Atsedenaldira iritsi aurretik, txuri-urdinek bi aukera garbi izan dituzte. Lehenengo Astiazaranek langa gainetik bidali du Mariezkurrenaren erdiraketaren ostean egindako errematea. Ondoren, azken jokaldian, Ramirezek baloia berreskuratu du eta bere urruneko jaurtiketa zutoinetik gertu kanpora joan da. Horrela, neurketa hutsean iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatia hasi eta berehala, Zalayak norgehiagokako gol bakarra sartu du korner batean egindako burukada indartsu batekin. Hortik gutxira, bigarrena egiteko zorian egon dira kontraeraso batean, baina Fragak geldiketa bikaina egin du Hugo Sanzen jaurtiketan.. Gipuzkoarrak erreakzionatzen saiatu dira Marquetak gelditu duen Ruperezen eskuinkada batekin. Geroago, etxekoen atezainak geldiketa on batekin erantzun dio Carreraren burukadari Roperoren erdiraketa baten ostean. Donostiarrek nagusi izaten jarraitu dute, baina ia aukerarik sortu gabe. Luzapenean, galiziarrek bigarren gola egiteko abagune ona izan dute, baina Fragak Blesaren gola ekidin du. Ez da gehiagorako denborarik izan eta norgehiagoka bat eta hutsekoarekin amaitu da.
Porrota Sanserentzat nahiz eta zerbait gehiago merezi izan, batez ere lehen zatian. Hala ere, txuri-urdinek mailaz igotzeko playoff postuetan jarraitzen dute. Datorren astean, sailkapeneko goiko postuetan dagoen Barakaldoren aurka izango dute derbia Zubietan.
Fitxa teknikoa:
Ourense CF: Marqueta, M. Prado, Carmona, Zalaya, Hugo Sanz, Fidalgo, Jerín (kap.) (F. Andrada, min. 86), Alberto Gil (Prada, min. 79), Jairo (Fullana, min. 72) Josema R. (Á. Sánchez, min. 72) eta J. Carbonell (Blesa, min. 79).
Sanse: Fraga, Rupérez, Beitia, P. Rodríguez (kap.), Balda (Ropero, min. 70), Carbonell (Garro, min. 70), Lebarbier (E. García, min 59), Ramírez (Marchal, min 59), Goti, Astiazaran (Carrera, min. 70) eta Mariezkurrena.
Gola: 1-0: Zalaya, min. 47.
Epailea: Montes García-Navas. Txartel horia erakutsi dio kanpoko Ramirezi.