Oiartzun 1-1 Real Sociedad

Puntu bat erreskatatu dute

Emakumeen taldeak puntu bat batu du Oiartzunen aurka azken minututan. Etxekoek abantaila lortu dute urruneko jaurtiketa batean. Hala ere, txuri-urdinek aukerak izan dituzte, bai lehen zatian eta baita ere bigarren zatian, neurketa berdintzeko. Azken minututan iritsi da berdinketa Leyre Fernandezek sartutako golari esker. Kanpokoek garaipena bilatu dute, baina ez dute denborarik izan.

Hasiera orekatua izan da eta Realak lehen aukera izan du Sandra Ramajoren bidez. Aldiz, burukada atezainak harrapatu du. Partidaren ordu laurdenera iritsi aurretik etxekoek lehen gola lortu dute Agoüesen urruneko jaurtiketa baten bidez. Hala ere, txuri-urdinek berdinketa bilatu dute behin eta berriz. Aukerak izan dituzte, baina zehaztasuna falta izan da. Atsedenaldira iritsi aurretik atezainak berdinketa saihestu du Sandra Ramajoren errematea geldituz.

Bigarren zatia guztiz txuri-urdina izan da. Kanpokoak nagusi izan dira eta aukera garbiak izan dituzte partida berdindu ahal izateko. Etxeko atezainak Leyre Fernandezen gola saihestu du eta ondoren Nahikari Garcia eta Cristina Pizarro zutoinarekin topatu dira. Mariasun Quiñonesek, azken minututan, etxekoen bigarrena saihestu du. Azkenean, behin eta berriz saiatu ondoren, Realak berdinketa lortu du. Leyre Fernandezek, 89. minutuan, neurketa berdindu du. Txuri-urdinek garaipena bilatu dute amaiera arte, baina ezin izan dute lortu.

Igor San Miguelenak 42 puntu dituzte eta Erreginaren Kopa jokatzeko sailkatu dira. Hurrengo asteburuan azken partida jokatuko dute Zubietan Valenciaren aurka.


Fitxa teknikoa

Oiartzun: Aldai, Abancens, Perez (Quiñones, min.84), Aizpurua (Arranz, min.60), Santos, Ruiz, Agoües (Bilbao, min.66), Gonzalez, Mugarza (Olaizola, min.40), Altolaga, Peña.

Real Sociedad: Mariasun Quiñones, Sandra Ramajo, Iraia Iparragirre, Nuria Mendoza (Leire Baños, min.84), Itziar Gastearena, Itxaso Uriarte, Titay Calvo (Naiara Beristain, min.53), Cristina Pizarro, Leyre Fernandez, María Diaz (Aintzane Encinas, min.68), Nahikari Garcia.

Golak: 1-0: Agoües, min.13; 1-1: Leyre Fernández, min.89.

Epailea: Lou Balleno. Txartel horia erakutsi dio etxeko Gonzalezeri.


Igor San Miguel: “Tentsio handiko neurketa”


Igor San Migelek partida amaieran igarri du taldeari “kostatu” zaiola “partidan sartzea. Ez dugu gure maila eman eta lehen gola jasan dugu. Aurkariak asko zuen jokoan eta ikusi da. Tentsio handiko neurketa izan da”. Realeko entrenatzaileak adierazi du bigarren zatian “azken partidetan zehar izan garen taldea izan gara. Aukerak izan ditugu eta neurketa berdintzea lortu dugu”.


Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!