UD Cornellà 2-2 Sanse

Puntu loriatsua

Sansek 2-2 berdindu du UD Cornellaren aurka, azken unera arte borrokatzen jakin duen partidan, puntu garrantzitsu bat eskuratzeko.

Partida Sanse protagonista batekin hasi da, hasieratik bere jokoa inposatu nahian. Bigarren minutuan, Agirrek atezaina probatu nahi izan du area kanpotik, Kortajarenaren pasearen ostean, baina jaurtiketak ez du aterik aurkitu. Aurrelari txuri-urdinak gola sartzeko saiakerak egin ditu, eta hurrengo jokaldian bertan, atezainaren aurrean jartzea lortu du jaurtiketa gurutzatu bat egiteko, baina baloiak zutoinean jo du. Eta etxekoen arriskuko lehen jokaldian, Redruk Marreroren aurrean jartzea lortu du, eta obus batekin partidako lehena sartu du. Donostiarrek ondo erantzun dute, eta aurkako golaren ondorengo lehen jokaldian, Magunazelaiak falta bat jaso du area barruan eta epaileak penaltia adierazi du. Agirrek 11 metrotatik jaurti du baloia, eta atezainak geldialdi bikaina egin ondoren, Martinek baloia jaso eta erdiratu egin du ate aurrera. Eta hortxe agertu da mirariz Kortajarena baloia errematatzeko, 1-1ekoa jartzeko eta azken hiru partidetan bere hirugarren gola jarraian lortzeko. A zer nolako bolada oiartzuarrak! 1-1ekoarekin partida baretu egin da, aukerak eten egin dira, eta arriskurik gabe iritsi dira erdialdera.

Bigarren denbora ez da ondo hasi donostiarrentzat. Hasi eta berehala, kataluniarrek jokaldi ona egin dute hegaletik, eta erdiraketa on bati esker, Enri aurrelariak buruz errematatu eta 2-1ekoa jarri du etxekoen alde. Golaren ondoren, Sansek atzean oso sartuta aurkitu ditu Riutorten jokalariak, eta jokaldiak gauzatzea gogorra izan da Sergio Franciscoren taldearentzat. Argienetako bat 77. minutuan iritsi da, Kortajarenak Garridoren lerro arteko pasea aprobetxatu du baloia ezkerrez ate aldera gurutzatzeko, baina atezainak ondo gelditu du. Baloiak jabe bakarra izan du partidaren azken txanpan, baina etxekoek defentsan egindako ekintza onei esker, txuri-urdinek ezin izan dute golik sartu. Magunazelaiak partida berdintzeko aukera izan du 88. minutuan, area ertzeko falta batetik, baina pilotak langa ukitu du eta oso gutxigatik kanpora atera da. Eta partida amaitzen ari zela zirudienean, Garridok baloi on bat areara eraman du, pase ezin hobea jarri du Martonentzako, eta erregate on bati esker, baloia jaurti ahal izan du 2-2koa jartzeko eta partida ixteko.

Txuri-urdinen berdinketa lehen mailako zelai batean, aurkariak lerroak atzeratuz emaitzari eusten jakin duen partida zail baten ondoren. Sergio Franciscoren mutilak azkeneraino borrokatzen dakitela erakutsi dute. Hau da jarrera! Datorren astean Zubietara itzuliko dira Osasuna Promesasen aurka jokatzeko. Aupa Sanse!


Fitxa teknikoa:

UE Cornellà: Anacker, Gerard, Andreu, Blanco (Eliseo, 46. min.), Redru, Planas (Martínez, 82. min.), Mamor (Muntadas, 66. min.), Nana (kap.), Fullana, Tavares (Baldrich, 82. min.) eta Enri (Folch, 88. min.).

Sanse: Marrero, Carbonell (Gabilondo, 56. min.), Arambarri (kap.) (Gorrotxategi, 56. min.), Cantero, Glez. De Zárate, Martín (Ezkurdia, 76. min.), Olasagasti, Kortajarena, Magunazelaia, Marín (Garrido, 66. min.) eta Agirre (Martón, 66. min.). 

Golak: 1-0: Redru, 29. min. ; 1-1: Kortajarena, 32. min. ; 2-1: Enri, min. 46 ; 2-2: Martón, 90. min.

Epailea: Claudiu Muresan. Etxeko Blanco, Andreu eta Nanari eta kanpoko Magunazelaiari atera die txartela.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!